Podcastak

“Euskara aleka” podcasta, euskarak Nafarroan eta hiriburuan bertan mendez mende izan duen garrantzia erakusten du. Proiektu hau Nafarroako Gobernuak ekoiztutako lehen podcasta da.

Hamaika kontakizun, hamaika istorio, hamaika gertakari eta hamaika gizon-emakume ageri dira hogeita sei ataletan, Nafarroa osokoak, hau da, bai Iruñea-Iruñerria eta Mendialdekoak, bai Erdialdekoak, baita Erriberakoak ere.

Adituen lan eta ekarpen baliosak izan ditugu oinarri edukiak sortzeko: Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko eta beste.

Campion: omenaldirik onena podcastaren irudia

2022-04-13

Arturo Campion iruindarra Nafarroako euskalgintzak izan duen eragilerik garrantzitsuenetako bat izan da, 80 urtean euskararen alde lan izugarria egindakoa. Han eta hemen antolatutako erakunde euskaltzale guztietan aritu zen. Gogotik saiatu zen aurre egiten euskararen atzerakada mingarriari. Adinekoa zelarik, Iruñeko lehen euskal eskolako ikasleen omenaldi hunkigarria jaso zuen.

Katedraleko Maria kanpai-hotsaren azpian podcastaren irudia

2022-04-13

Euskaltzale ugari jaio edo bizi izan ziren Iruñeko katedraleko Maria deritzon kanpaiaren dangapean, XX. mendearen lehen herenean, Dormitalerian, Nabarrerian eta San Jose plazan. Besteak beste, Julia Fernandez Zabaleta maistra aitzindaria, Jose eta Anastasio Agerre anaiak, biak ere artikulugileak, eta Enrique Zubiri Manezaundi luzaidarra, pintore eta idazle bikaina.

Gayarre antzokia: euskal kulturaren erakusleihoa podcastaren irudia

2022-04-13

Iruñeko Gayarre Antzokiak Erronkariko abeslari euskaldun ospetsuaren izena darama eta, hasieratik, euskal kulturaren erakusleihoa izan da. Euskarazko lehen emanaldiak Gerra Zibilaren aurrekoak dira eta, hortik aurrera, denetatik egin da: bertso saioak eta txapelketak (60ko hamarkadakoak, adibidez), kantaldiak, antzezlanak, dantza saioak, kantu txapelketak, bestelako ikuskizunak…, urtez urte, gaur egunera iritsi arte.

Joakin Lizarraga Elkanokoa, idazlerik emankorrena podcastaren irudia

2022-04-13

Joakin Lizarraga Eguesibarren jaio zen, Elkanoko Migelena etxean, 1748an. 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza. Anitz idatzi zuen euskaraz; milaka orrialde, erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta halakoak (180 baino gehiago). Kopletan, 10.000 bertso-lerro inguru utzi zituen izkiriaturik. Lizarragak garrantzi handia du, bai asko idatzi zuelako, bai hegoaldeko goi-nafarrera erabili zuelako, bai eta Iruñerriko apezen eredu izan zelako predikuak idazteko.

Nafarroako euskal eskoletako eta ikastoletako lehen maistren lana podcastaren irudia

2022-04-13

Nafarroan hiru euskal eskola sortu ziren 1930eko hamarkadan (Iruñean, Lizarran eta Elizondon) jende anitzen ahaleginari esker. Iruñekoan Maite Saizar tolosarra, Katalina Astibia leitzarra, Felisa Almandoz erantsundarra eta Miren Elizondo nahiz Albertina Azkarate iruindarrak aritu ziren maistra. Lizarrako euskal eskolan Petra Azpirotz leitzarrak irakatsi zuen eta, Elizondokoan, Pilare Alba Loiarte goizuetarrak jardun zuen.

Baztan eta genero beltza: Mariano Izeta aitzindari podcastaren irudia

2022-04-13

Baztanek lotura berezia dauka genero beltzarekin, 1962an, Mariano Izeta idazle elizondarrak Dirua galgarri eleberria idatzi zuenetik. Idazlan hura euskaraz sortutako bigarren eleberri beltza izan zen. Gaur egun, Baztanen, “(H)ilbeltza” izeneko ekimena egiten da, hots, euskal nobela beltzaren astea, ekitaldiz beterik (liburu aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, musika saioak eta bestelakoak), genero beltza maite dutenen gozagarri.