Podcastak
Campion: omenaldirik onena
2022-04-13
Arturo Campion iruindarra Nafarroako euskalgintzak izan duen eragilerik garrantzitsuenetako bat izan da, 80 urtean euskararen alde lan izugarria egindakoa. Han eta hemen antolatutako erakunde euskaltzale guztietan aritu zen. Gogotik saiatu zen aurre egiten euskararen atzerakada mingarriari. Adinekoa zelarik, Iruñeko lehen euskal eskolako ikasleen omenaldi hunkigarria jaso zuen.
21. ATALA - CAMPION. OMENALDIRIK ONENA
SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta gero azpian laguntzen )
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita batgarren atalean, Arturo Campion euskaltzale iruindarraz mintzatuko gara.
ESATARIA 1
Arturo Campion Nafarroako euskalgintzak izan duen eragilerik garrantzitsuenetakoa izan da, 80 urtean euskararen alde lan izugarria egindakoa. Hirian eta Euskal Herrian antolatutako erakunde euskaltzale guztietan aritu baitzen, dela sortzaile, dela bultzatzaile, dela kide.
Campion jaio zenean, XIX. mendearen erdialdean, euskara etengabe ari zen atzera Nafarroako lurralde zabal batean.
Hala ere, Luziano Bonaparte hizkuntzalariak 1863an bildutako datuak hona ekarrita, ohartuko gara artean ere euskaldun aunitz zegoela Iruñearekin mugakide diren udalerrietan:
Antsoain Zendean, % 49 zen euskalduna;
Oltza Zendean, % 75;
Aranguren Ibarrean, % 34;
Ezkabarten, % 60;
Galar Zendean, % 36;
Zizur Zendean, % 35;
Eguesibarren, % 38;
eta Atarrabian nahiz Uharten, % 40.
Haur euskaldunik ez, ordea. Eta gazteak gero eta gutxiago; euskaldun gehienak adinez aurrera baitzihoazen.
Horretaz oharturik eta kezkaturik, gizon andana batek euskararen aldeko lehen erakundea sortu zuen Iruñean: Nafarroako Euskara Elkargoa, alegia. Bultzatzaile nagusietako bat Campion bera izan zen.
Bere bizitzaren azken urteetan, hainbat omenaldi egin zizkioten, euskararen alde 80 urtean egindako lanaren esker onean.
Halakoetan, ordea, pentsamendu batek iluntzen zion gogoa:
“Bizitza osoa eman dugu euskararen galera geldiarazi nahian. Ni gaztea nintzenean, euskara toki askotan mintzatzen zen. Orain, ordea, gero eta gutxiago. Izan ere, batzuk badoaz, eta besteak ez datoz”.
Hau da, euskaldunak hiltzen dira eta berririk ez dator, haurrik, gazterik ez dator.
Pentsa non zegoen euskararen muga Campion gaztea zelarik, eta non zegoen, handik 60-65 urtera, Errepublika garaian.
Bada, Iruñeko lehen ikastolako haurrek ere omenaldia egin zioten Arturo Campioni. Hiriburuko Txapitela karrikan bizi zen eta, 1934ko maiatzean, Lehen Jaunartzearen ondotik, Campionek 80 urte bete zituen egunaren bezperan, haurrak etxera joan zitzaizkion.
Ekitaldi horrexek gure Campion xaharra biziki poztu zuen, haurrek plaka bat oparitu baitzioten, eta xaflan idatzia, esaldi gogoangarri bat:
“Batzuk badoaz, baina besteok bagatoz”.
Campionek berak, hunkiturik, hauxe adierazi zuen:
“Hauxe izan da sekulan jaso dudan omenaldirik ederrena, hunkigarriena”
Honenbestez, hauxe izan da "Euskara aleka" programaren 21. atala.