Podcastak
Nafarroako euskal eskoletako eta ikastoletako lehen maistren lana
2022-04-13
Nafarroan hiru euskal eskola sortu ziren 1930eko hamarkadan (Iruñean, Lizarran eta Elizondon) jende anitzen ahaleginari esker. Iruñekoan Maite Saizar tolosarra, Katalina Astibia leitzarra, Felisa Almandoz erantsundarra eta Miren Elizondo nahiz Albertina Azkarate iruindarrak aritu ziren maistra. Lizarrako euskal eskolan Petra Azpirotz leitzarrak irakatsi zuen eta, Elizondokoan, Pilare Alba Loiarte goizuetarrak jardun zuen.
25. ATALA - NAFARROAKO EUSKAL ESKOLA ETA IKASTOLETAKO LEHEN MAISTREN LANA
SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta gero azpian laguntzen )
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita bosgarren alean, emakume talde bat izanen dugu solasgai, guztiak ere maistrak edo andereñoak lehen euskal eskoletan.
ESATARIA 1
Nafarroan hiru euskal eskola sortu ziren 1930eko hamarkadan: Iruñean, Lizarran eta Elizondon.
Ez zen batere erraza izan horrelako eskolak sortzea, baina jende aunitzen ahaleginari esker erdietsi zen.
Iruñeko lehen euskal eskola edo ikastola 1931n ireki zen. Hasieran, Bigarren Zabalguneko Karlos III.aren etorbidean, 30 ikaslerekin.
Ekimen hartan eta beste batzuetan, gogotik aritu zen Euskeraren Adiskideak elkartea, eta hiru emakume nabarmenduko ditugu: Catalina Alastuey, Julia Fernandez Zabaleta eta Maritxu Viscarret Nabaz, hirurak iruindarrak.
Elkartearen aldizkariak albistea eman zuen:
“Haurrei euskaraz erakusten zaien ikastetxea Iruñean ireki da. Bada, azkenean erdietsi dugulako, Lagunarte honen ondasunetik mila pezeta ematen ditugu behar diren gauzak erosteko. Euskararekin batera haurrei beste ikasbide guztiak ematen zaizkiote”.
Eskolan aritutako irakasle guztiak emakumezkoak izan ziren, maistra-ikasketak egindakoak:
“Maite Saizar andereño aunitz jakina eta euskaltzale sutsua da bertako irakaslea”
Ikasturtetik ikasturtera ikasle kopurua handitu zenez, ikastola Eskolapioen ikastetxera aldatu zen. Baliteke 150 ikasle izatera iritsi izana, hiru urtetik bederatzira bitartekoak.
Irakasle gehiago hartu behar izan zituzten, Maite Saizar tolosarraz gainera, Katalina Astibia leitzarra, Felisa Almandoz erantsundarra, eta Miren Elizondo nahiz Albertina Azkarate iruindarrak.
Lizarrako euskal eskola 1933an sortu zen Foruen Plazan.
“Lehen irakaslea Petra Azpirotz leitzarra izan zen, proiektu hartan buru-belarri aritua. Lehen ikasturtean 30 ikasle izan zituen, eta azkenean, hau da, 1935-36an, 42”.
Hirugarren euskal eskola edo ikastola Elizondon sortu zen 1935ean, eta Baztan osoko ikasleak izan zituen. Pilare Alba Loiarte goizuetarra izan zen irakaslea. Pilarek berak kontatu zuen nolakoa zen ikastola:
“Nahiz eta ilun xamarra izan, mahaiak eta aulkiak argiak ipiniz gauza polita sortu zen. Handia, handia ez zen, baina hasteko ongi. Eskubidea eman zidaten egiteko neorrek, jartzeko nahi nun bezala eta ordun jarri nien uniforme bezala, batatxo urdin bat, denak berdintsuak egoteko”.
Gauza gehiago zituen gogoan:
Giro nahiko ona, eragozpenik ez nuen izandu, lagunak genituen danak, eta eskola aldetik erreztasun guztiak eduki nituen. Pedagogia aldetikan, ikasleak oso txikiak izaten zirelako, liburuak baino gehiago irudiak erabiltzen nituen, eta horiek egin beharko nituen.
36ko altxamenduaren ondorioz, agintari berriek euskal eskola guztiak itxi zituzten. Ez ziren batere une gozoak izan irakasleentzat.
Mariano Izeta baztandarra Elizondoko ikastolaren itxieraren lekukoa izan zen:
(Mariano Izetaren ahotsean entzunen dugu. Grabazioaren 1´33´´-tan dago, 1´52´´-tan bukatzen da).
“Gerra lehertu eta berehala, reketeak sartu ziren gure ikastolan, ateak bortxatuta eta han ziren liburu guztiak erre zituzten eta ikastolaz jabetu ziren eta beren kuartela ezarri zuten han”
Zorionez, gerra bukatu eta 16 urtera, bertze ikastola zabaldu zen Iruñean, 1965ean, Alde Zaharreko, Pozoblanco karrikan, Mikela Gastesi andereñoarekin.