Podcastak
Katedraleko Maria kanpai-hotsaren azpian
2022-04-13
Euskaltzale ugari jaio edo bizi izan ziren Iruñeko katedraleko Maria deritzon kanpaiaren dangapean, XX. mendearen lehen herenean, Dormitalerian, Nabarrerian eta San Jose plazan. Besteak beste, Julia Fernandez Zabaleta maistra aitzindaria, Jose eta Anastasio Agerre anaiak, biak ere artikulugileak, eta Enrique Zubiri Manezaundi luzaidarra, pintore eta idazle bikaina.
22. ATALA - KATEDRALEKO MARIAREN SOINUPEAN
SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta gero azpian laguntzen )
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita bigarren atalean,
EZKILA HOTSA (Maria kanpaiarena)
Iruñeko katedraleko Maria deritzon kanpaiaren soinupean ibiliko gara, Dormitaleria, Nabarreria eta San Jose plazan bizi izandako euskaltzaleen berri emateko.
ESATARIA 1
XX. mendearen hasiera emankorra izan zen benetan euskalgintzarentzat, mugimendu oparoa loratu baitzen.
Eragileetako bat Dormitaleria karrikan sortu zen, 1898an, ahaztu gabe kale hartan berean, Academia del Vascuence izeneko akademia bat izan zela 1907an, helduei euskara irakasteko, baina ez dugu datu gehiago.
Eragile hura Julia Fernandez Zabaleta irakaslea izan zen, pedagogia kontuetan hagitz aitzindaria, Maria Montessori italiarraren irakaskuntzak Bartzelonan jasotakoa, eta Iruñean berean euskaldundua.
Aita mendigorriarra hiriburura etorria zen katedraleko organo-jolea izateko. Ama, berriz, Kontxi Zabaleta, Ziraukiko alaba.
Hitzaldiak eman zituen euskaraz harat-honat, horietako bat, emakumeen eskubideen alde, Donostian, 1924an:
“Emakumeari, bere beharrak ondo bete ditzan, hezkuntza egokiya eman behar diogu. Hau izan da feminismoaren garaipen haundiena, baino beste batzuk ere lortu ditu. Herri askotan, emakumeak gizonak hainbat eskubide ditu; ogibide guziak irekita dauzka, ta gizonarekin batean gobernatzen ditu herriak”.
Karrika berean Jose eta Anastasio Agerre anaiak jaio ziren, gaztetan euskaldunduak, euskaltzaleak eta idazleak.
Anastasio gazterik hil zen. Jose, ordea, ez, eta gerra aurreko eta ondoko euskaltzaleen arteko lotura izan zen.
Denetariko kronikak idatzi zituen. Behin, Diario de Navarran, Erriberan 1915ean gertaturiko uholdeari buruz.
“Eraunts izugarri batek lur joriak oro narrasturik, kalte handiak egin ditu Erriberako herri batzuetan. Erauntsiak jotako herriek ordu zail eta gogorrak iragan behar dituzte, oro hondatuta ikusirik, eta hein larri honetan, haien begiak gugana itzuliko dira laguntza eske”.
45 urte geroago idazten jarraitzen zuen. Adibidez, 1960an, lerro batzuk idatzi zituen Iruñeko Pregón aldizkarian Nabarreriako Ziga pintore ospetsua hil zenean:
“ Ziga´tar Xabier margolari ospetsua… prestua. Irakaslea, ikasle aunitz hazitu zituen bizialdian. Gazte garaietan, zazpi kartel egin zituen beste horrenbeste Sanferminetarako. Gero, Madrilen eta Parisen egotea gertatu zitzaion. Eusko aireko margogintzan goieneko maila Nafarroan zuen erdietsia.
Katedralaren ondoan ere, San Jose Plaza, eta hantxe Enrike Zubiri Gortari luzaidarra bizi izan zen luzaro, pintorea eta euskal idazlea. Manezaundi izengoitikoa.
Manezaundiren eskuak dohain berezia izan zuen izadia margolan eta idazkietara ekartzeko.
“Iruñeko inguru-bazterrak ere edertu dire. Udako kixkalduraren ondotik, erreak zaudelarik, ikustekoak dira orai bide sahetsak, ipuruak eta soropilak bere berdetasun bizian, udazkeneko euriek huntsa ihinztatu ondoan”.
Lehen elurren berri ere ematen zuen.
“Urriaren hogeian gira, eta yadanik Iruñeko inguruetako mendi guziak beren mihise xuriarekin estaliak dira”.
San Jose Plazan, gainera, gerra ondoko lehen ikastola egon zen ikasturte batez, 1966an.
Honenbestez, 22. atala entzun duzue. Mila esker eta laster arte.