Hizkuntzen Europako Eguna
Hizkuntzen Europako Eguna
Eleaniztasunarekin urruti iritsiko zara
Zer amesten duzu? Helburuak lortzea, zure bidea aurkitzea, konektzea? Altxor bat duzu, eta horrek ateak irekiko dizkizu imajinatzen ere ez dituzun mundu eta aukeretara.
Hizkuntza aniztasuna ez da soilik gure kultura ondasunetako bat. Zure berezko hizkuntzek, eta ikasten dituzunek, eramaten ahal zaituzte mila leku, esperientzia eta aukeretara. Horregatik, hizkuntzak aintzat hartu eta babestu egiten ditugu etxean, eta Europan ere bai. Zaindu zure hizkuntzak, ezagutu beste batzuk.
Europako Kontseiluko kide diren 47 estatuek 800 milioi europar animatu nahi dituzte beste hizkuntza bat ikastera, adina edozein dela ere, eskolan zein eskolaz kanpo.
Europako Kontseiluak eleaniztasuna sustatu nahi du Europa osoan, hizkuntza-aniztasuna ulermen zabalago bat eskuratzeko tresna eta gure kontinentearen ondare kultural aberatsaren funtsezko elementua baita.
Hizkuntzen Europako Egunaren helburu nagusiak hauek dira:
- Hizkuntzak ikastea zein garrantzitsua den azpimarratzea eta ikasten diren hizkuntzak dibertsifikatzea, eleaniztasuna eta kulturen arteko komunikazioa sustatzeko.
- Europako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasuna sustatzea, babestu eta bultzatu beharreko elementu gisa.
- Eskolan zein eskolaz kanpo hizkuntzak etengabe ikastea sustatzea, ikasketengatik, trukeengatik, behar profesionalengatik, mugikortasunarengatik edota plazer hutsagatik.
Estrasburgoko Europako Kontseiluaren ekimenez, 2001etik aurrera irailaren 26an ospatzen da, urtero, Hizkuntzen Europako Eguna.
2020KO EDIZIOA
Nola ospatu dugu Hizkuntzen Eguna?
Conoce las actividades que hemos organizado para apoyar la diversidad lingüística
Ezagutu hizkuntza-aniztasuna bultzatzeko antolatu ditugun jarduerak Lau horma-irudi egin dira: Sierra de Leyre BHIn, Zangozan; La Kolasa Gazteriaren Etxean, Tafallan; Toki Eder frontoian, Agoitzen, eta Orreaga etorbidean, Iruñean. 'Eleaniztasunarekin urruti iritsiko zara' kanpaina bultzatu dute. Haien aurrean argazkiak atera dituzte dozenaka lagunek, eta haien irudiak #DíaEuropeoDeLasLenguas #HizkuntzenEuropakoEguna traolekin partekatu dituzte sareetan. Egin zure argazkia eta partekatu!
UNITATE DIDAKTIKOA
Eskualdeetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna
Europako kontseiluak proposaturiko jarduerak, gelan egitekoak 11-16 urte bitarteko ikasleentzat.
Unitate didaktikoak honako zati hauek ditu:
- Sarrera orokorra
- Hiru kasu praktiko: Suitza, Espainia eta Polonia
- 10 irakaskuntza jarduera
- Glosarioa
HIZKUNTZEI BURUZKO ZENBAIT DATU
ZENBAT HIZKUNTZA DAUDE MUNDUAN?
Bi astero hizkuntza bat desagerten da
Munduan 7.000 hizkuntza inguru mintzatzen dira. Horietatik 250 soilik iristen dira milioi bat hiztun baino gehiago izatera, eta 10 milioi hiztunetik gora dituzten hizkuntzak 60 baino ez dira. 12 hizkuntzak bakarrik (%0,2 ozta-ozta) dituzte 100 milioi hiztun baino gehiago: txinerak, ingelesak, hindiak, espainierak, frantsesak, bengalerak, arabierak, errusierak, portugesak, indonesierak, japonierak eta alemanak. Planetako populazioaren %50 baino gehiagorentzat lehen hizkuntza munduan gehien hitz egiten diren 12 hizkuntza horietako bat da. 580 hizkuntzak bakarrik dute nolabaiteko aitortza instituzionala, eta ondorioz, erabil daitezke administrazioan, hezkuntzan edo hedabideetan. Hizkuntzen aitortza instituzionala funtsezkoa da haien iraupenerako. UNESCOren arabera, hizkuntzen %43k ez du bermatuta belaunez belauneko transmisioa. Hori horrela, desagertzeko arriskuan daude. Izatez, bi astetik behin hizkuntza bat hiltzen da munduan. Mundua anitza da hizkuntzei dagokienez. Zatirik handienean jendea hizkuntza bat baino gehiago mintzatzen den komunitateetan bizi da. Elebakartasuna salbuespena da, eta ez lege.
Hizkuntz aniztasuna
Hizkuntza aniztasuna ez da berdin gorde kontinente guztietan. Afrika eta Asia dira anitzenak, bakoitza 2.200 hizkuntzarekin (%31). Ozeanian 1.400 hizkuntza dituzte (%20) eta Ameriketan 1.000 (%14). Europa da, 200 hizkuntzarekin (%3ra ez da iristen) berezko aniztasun linguistikoa gutxien zaindu duen kontinentea. Egun mintzatzen diren Europako hizkuntzak 200 inguru dira eta 8 familiatan sailkatzen dira. Familia garrantzitsuenetariko bat hizkuntza indoeuroparrena da. Familia horretakoak dira, besteak beste:
- Latinetiko hizkuntzak
- Hizkuntza germaniarrak
- Hizkuntza eslaviarrak
- Hizkuntza zeltak
NAFARROAKO HIZKUNTZA OFIZIALAK: GAZTELANIA ETA EUSKARA
Gaztelania edo espainiera, Espainiaz gain Amerikako 19 estatutako eta Afrikako estatu bateko (Ekuatore Ginea) hizkuntza ofiziala da. 530 milioi hiztun ditu (lehen edo bigarren hizkuntzatzat dutenak), gehien-gehienak Amerikan.
Euskara isolatutzat hartzen den Europako hizkuntza bat da; izan ere, beste hizkuntza batzuekin loturarik aurkitu ez zaionez ezin izan da inongo familiatan sailkatu. Europako bi estatutan hitz egiten da, Espainian eta Frantzian, eta milioi bat hiztun inguru ditu.
Nafarroan bi dira berezko hizkuntzak, gaztelania eta euskara, eta bertako biztanleak bietan mintzatu izan dira historikoki.
Nafarroako 16 urtetik gorako biztanleen %23,2k badaki zerbait euskaraz. %12,9 ongi mintzatzen da, eta %10,3k zerbait badaki baina ez du guztiz menderatzen.
16tik-24 urtera bitarteko gazteen multzoan da handiena euskararen ezagutza: %38. %25,8k ongi menderatzen du eta %12,2k zerbait badaki, ongi mintzatzera iristen ez bada ere.
Euskara ikasi
2018-2019 ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %47,2k ikasi zuten euskara eskolan: %27,3rentzat euskara irakas-hizkuntza izan zen (D eredua) eta %19,9rentzat irakasgai (A eredua).
Ikasleen %100ek ikasten du eskolan gutxienez atzerriko hizkuntza bat (oro har ingelesa, baina baita frantsesa eta alemana ere).
Nafarroan atzerriko hizkuntzen ezagutza handiagoa da euskal hiztunen artean euskaraz ez dakitenen artean baino.
Euskaraz ez dakiten Nafarroako 16 urteko edo hortik goitiko gazteen %22,8k daki ingelesez, frantsesez edo bietan. Aldiz, Nafarroako biztanleria elebidunaren (gaztelania-euskara) %35,9k daki horiez gain ingelesez, frantsesez edo bietan.
Gazteen artean (16tik 24 urtera) kopuruek gora egiten dute. Gaztelania-euskara hiztun elebidunen %64,4k daki ingelesez, frantsesez edo bietan. Euskaraz mintzatzen ez direnen artean portzentajea %57,8koa da.
ZER DOINU DU NAFARROAK? BESTE HIZKUNTZA BATZUK
16 urteko edo hortik goitiko Nafarroako biztanleriaren %7,6rentzat lehen hizkuntza ez da gaztelania, ez eta euskara ere.
Gure Komunitatean gaztelania eta euskara kenduta ama hizkuntzarik ohikoenak arabiera (%1,37), portugesa (%0,73) eta errumaniera (%0,72) dira.
16 urteko edo hortik goitiko Nafarroako biztanleriaren %4,3 edo gehiago etxean gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaz mintzo da lehentasunez. Erriberan eta Goi Erriberan %6,8 izatera iristen dira.
Gaztelaniaren eta euskararen atzetik, arabiera da etxean gehien erabiltzen den hizkuntza (%1,15). Haren atzetik, baina askoz ere neurri txikiagoan mintzatzen dira ingelesa, portugesa eta errumaniera.
Ingelesa, frantsesa, arabiera, portugesa eta errumanieraren atzetik badira Nafarroan mintzatzen diren atzerriko beste hizkuntza batzuk ere: bulgariera, errusiera, wolof, swahilia, bereberra, txinera, urdua, thailandiera, ukrainera, georgiera...
2019KO EDIZIOA
Nafarroako soinu-banda
Hizkuntzen Europako Eguna dela bide, Nafarroako sei herritan ibili gara gure lurrak zer doinu duen ezagutzeko.
Hau da emaitza: Nafarroako soinu-banda. Hizkuntzak gure egunerokoari musika eta kolorea ematen dioten doinuak eta soinuak dira. Ispilu bat, komunitate anitz eta askotarikoa garela erakusten diguna.
Grabaketak 2019ko irailaren 12tik 21era egin dira Iruñean, Tuteran, Lizarran, Zangozan, Leitzan eta Otsagabian.