Podcastak
Gayarre antzokia: euskal kulturaren erakusleihoa
2022-04-13
Iruñeko Gayarre Antzokiak Erronkariko abeslari euskaldun ospetsuaren izena darama eta, hasieratik, euskal kulturaren erakusleihoa izan da. Euskarazko lehen emanaldiak Gerra Zibilaren aurrekoak dira eta, hortik aurrera, denetatik egin da: bertso saioak eta txapelketak (60ko hamarkadakoak, adibidez), kantaldiak, antzezlanak, dantza saioak, kantu txapelketak, bestelako ikuskizunak…, urtez urte, gaur egunera iritsi arte.
23. ATALA - GAYARRE ANTZOKIA: EUSKAL KULTURAREN ERAKUSLEIHOA
SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta gero azpian laguntzen )
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita hirugarren alean, Iruñeko Gayarre antzokiaz mintzatuko gara, euskal kulturaren erakusleihoa izan baita.
ESATARIA 1
Antzokiak Erronkariko abeslari ospetsu euskaldunaren izena darama. Luzaroan, Gazteluko Plazako hegoaldea itxi zuen, baina harresiak eraitsi ondoren, egungo kokalekura eraman zen.
Horrela, Bigarren Zabalguneari bidea eman zitzaion. Iruñean bizi zen Enrike Zubiri “Manezaundi” idazle luzaidarrak poz-pozik ikusi zuen auzo berriaren eraikuntza:
“Nola uka osagarriarentzat hobeagoak direla karrika zabal eta etxe nasai berri horiek? Ez da harritzekoa nola doan yendea Iruñeko auzo berriko bizitokietarat…. Etxeak gero eta ederragoak eraikitzen dituzte, goititzale edo ascensor horiekin, karrika zabalak, zolak ederki zimentatuak, eta oinezkoen ibiltokiak ezin hobeki apainduak”.
1905ean eman zitzaion Gayarre izena. Lehenago, Antzoki Nagusia edo Printzipala izan zen.
Bada, 1931n, antzokia egungo kokalekura eramateko lanetan, lan istripua gertatu zen, Irigaray “Larreko” sendagile eta idazleak bere artikuluetako batean idatzi bezala:
“Teatro Gayarre urratzen ari zirelarik, iragan ostegun arratsaldean langile bat bota zen gain-gainetik; lanabesen zurak jotzen zituela poliki-poliki heldu omen zen; dohakabea lurreratu zen, kazka handiak hartu eta bular erdiko hezurra hautsirik, bospasei orduen buruan hil zen”.
Lehenago, Gayarre Antzokia artean ere Gazteluko Plazan zegoela, egun Karlos III.aren etorbidea hasten den tokian, Aita Donostia kantuzale jakintsuak bi hitzaldi eman zituen Antzokian euskal kantuei buruz eta haur talde bat aritu zen kantari.
Hura 1916ko Sanfermin bezperetan izan zen. Jose Agerre Iruñeko kazetariak horren berri eman zuen Diario de Navarran:
“Teatroan jendeketa gaitza bildu zen. Bete-beterik zegoen dena. Aita Donostia azaltzen hasi zen zenbat balio duten euskaldunok darabilkizun kantak, eta orok hobeki uler zezaten, mutil-neskatx talde bati kantaerazi zizkion, jendea pozez leher egiteko zorian jarririk kanta bakoitzaren amaieran. Haiek ziren esku-zartak, txaloketak, pozezko oihuak eta jendearen ezinagoko sua…”,
Beraz, Gayarreko euskal ekitaldiak aspaldikoak dira. Gerra ondoren, han jokatu zen, adibidez, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala hiru urtez, 63an, 64an eta 66an, antzokia jendez mukuru zegoela.
(eman dezakegu 4. Atalean erabilitako ahots berbera, laburra baita)
“Iruñeko jaun eta andreak. Gaur hemen, Gayarren teatro hontan, egin behar dugu, esanda dagoen bezala ……../…… txapelketa nagusia.”
60ko hamarkadan ere hantxe hasi ziren kantari euskal kantagintza berritu zuen “Ez dok hamahiru” mugimenduko kantariak, hala nola Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi.
Hantxe ere egin zitzaion omenaldia Etxahun Iruri koblakari zuberotarrari hil berritan, 1979an.
1988an, Mixel Xalbadorrek jantzi zuen Nafarroako txapela Gayarren. Eta hamaika ekitaldi gehiago: kantaldiak, antzezlanak, dantza saioak, kantu txapelketak, bestelako ikuskizunak, gaur egunera iritsi arte.
Iruñeko Gayarre Antzokia, euskal kulturaren erakusleihoa.
Horrenbestez, 23. atala entzun duzue. Ongi izan eta laster arte.