Podcastak
Baztan eta genero beltza: Mariano Izeta aitzindari
2022-04-13
Baztanek lotura berezia dauka genero beltzarekin, 1962an, Mariano Izeta idazle elizondarrak Dirua galgarri eleberria idatzi zuenetik. Idazlan hura euskaraz sortutako bigarren eleberri beltza izan zen. Gaur egun, Baztanen, “(H)ilbeltza” izeneko ekimena egiten da, hots, euskal nobela beltzaren astea, ekitaldiz beterik (liburu aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, musika saioak eta bestelakoak), genero beltza maite dutenen gozagarri.
26. ATALA - BAZTAN ETA GENERO BELTZA EUSKAL LITERATURAN: MARIANO IZETA, AITZINDARI
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita seigarren alean, Baztan eta genero beltzaz mintzatuko gara, aspaldian baitaude loturik.
Izan ere, lotura hori ez da azken urteotako kontua:
MARIANO IZETA (8 segundoko zatia) 3 minutu eta 28 segundo > 3,36 “1962an, argitaratu nuen nire lehendabiziko nobela txikia, Dirua Galgarri”
Entzun dugun bezala, lotura 1962an hasi zen, Mariano Izeta elizondarrak genero beltza landu baitzuen eleberri hartan.
Hura euskaraz sortutako bigarren eleberri beltza izan zen, Jose Antonio Loidi irundarrak bederatzi urte lehenago “Hamabost egun Urgainen” idatzi ondotik.
“Trankil aski zauden osaba-illobak bere lanetan, ia akitu urren. Egun hartan bazuten non yosta, laurehun langileendako aste guziko soldata prestatzen. Azkenean, zortziek aldera, ontzat eman zioten beren lanari”
Horrelaxe hasten da liburua.
Mariano Izeta Elizalde Elizondon sortu zen 1915ean. Euskal Herriko kulturgile eta euskaltzale handia izan zen, idazlea, Baztango kronikaria eta bertsolaritzaren sustatzailea, besteak beste.
1957an hasi zen idazten, hau da, eleberri beltz hura plazaratu baino bost urte lehenago eta, handik aitzina, hamaika aldizkari, astekari eta egunkaritan idatzi zuen.
Lehen artikulua Arantzazuko fraideak euskaraz egiten hasitako aldizkarian:
GRABAZIOA MARIANO IZETA 2,22 > 2,34
“Ondotik Arantzazuko aldizkaria argitaratu zuten eta ni ere aldizkari hartan hasi nintzen idazten…”
Bada, handik gutxira, ondu zuen Marianok “Dirua Galgarri”.
Fikzioan, gaizkileetako bati “Mainkerra” erraten zioten, zafraldi gaitza hartutako gizona:
“Eman zizkioten erremedioekin, Mainkerra hasi zen pixka bat mugitzen, eta ireki zituen begiak doi-doian. Galderak egin zizkioten; bañan alferrik. Gizon hura mututua zagon. Azkenean, bortxaka eta lehertu urren, iduri zuen zerbait erran nahi zuela, ezpainak mugitzen zituela; eta azken hatsarekin batean, «Beltza» erran zuen; eta etsi zituen begiek betiko”.
Bada, poliziek hilzorian aurkitu duten gaizkile horrek errandako azken hitzen hariari tiraka hasiko dira auzia argitzen, diru kopuru handia ebatsi baitute bulego batetik. Dena den, Friedrich erlojugile azkar eta finari esker argituko da auzia.
Oroitaraziko dugu Mariano Izeta erlojugilea izan zela lanbidez.
Izetaren liburua agortua zegoen, baina duela zenbait urte Baztango Udalak berrargitaratu zuen, urte hartako (H)ilbeltza izeneko ekimenaren barnean, euskal nobela beltzaren astearen barnean, alegia.
(H)ilbeltza urtero egiten da urtarril edo ilbeltzean, Baztanen, han diren literatur zaleek antolaturik, euskarazko literatura beltza berez sortu baitzen Baztanen. Liburu aurkezpen, hitzaldi, mahai inguru, musika saio eta bertze izaten dira, ekitaldi sorta oparoa, genero beltza maite dutenen gozagarri.
Horrenbestez, 26. atala entzun duzu. Laster arte!