Podcastak
Joakin Lizarraga Elkanokoa, idazlerik emankorrena
2022-04-13
Joakin Lizarraga Eguesibarren jaio zen, Elkanoko Migelena etxean, 1748an. 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza. Anitz idatzi zuen euskaraz; milaka orrialde, erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta halakoak (180 baino gehiago). Kopletan, 10.000 bertso-lerro inguru utzi zituen izkiriaturik. Lizarragak garrantzi handia du, bai asko idatzi zuelako, bai hegoaldeko goi-nafarrera erabili zuelako, bai eta Iruñerriko apezen eredu izan zelako predikuak idazteko.
24. ATALA - JOAKIN LIZARRAGA ELKANOKOA: IDAZLERIK EMANKORRENA
SARRERA KARETA
ESATARIA 1
Ongi etorri entzule. “Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hogeita laugarren alean, idazle emankor bat izanen dugu hizpide, Joakin Lizarraga Elkanokoa.
MUSIKA 1 24 The Strings Main
Joakin, Eguesibarren jaio zen, Elkanoko Migelena etxean, 1748an. 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza.
Aunitz idatzi zuen euskaraz. Milaka orrialde, erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta beste. Kopletan, 10.000 bertso-lerro inguru.
Santuen bizitzetan, oroitarazi zuen San Saturnino dela Iruñeko patroia:
ESATARIA 2 + TESTIGANTZA 2
“…gloriosoa baita, Iruñeko eta Nafarroako kristandadearen Aita Printzipala… Bere predikazioarekin eta bihotzen disposizio onarekin, Jaungoikoaren graziaz, laster kristautu zire berrogei mila ziudadetik eta inguruko herrietatik…”.
ESATARIA 1
Tradizioaren arabera, Iruñean kristautuetako bat Fermin gaztea izan zen, San Fermin, alegia:
ESATARIA 2 + TESTIGANTZA 2
“Fermin edo Firmio deitua, Nafarroako Patrono dena, jaio ze Iruñean. Gurasoak Firmo ta Eujenia, jende nobleetaik: eta hura Senadore edo Konsejuko Jaun printzipala. San Saturninok bataiatu zituen, Tolosako Obispo zenak”.
ESATARIA 1
San Frantzisko Xabierkoaz ere badu hitz ederrik:
ESATARIA 2 + TESTIGANTZA 2
“Sandu bat handia, gure leku-kidea, Nafartarra, Nafarroaren honra, gloria eta sendagalla; animoso, goapo, garboso eta goranahia”.
ESATARIA 1
Eta xehetasun handiz kontatu zigun nola lagundu zion Frantziskok gizon behartsu bati Venezian:
ESATARIA 2 + TESTIGANTZA 2
“Begiratuz pobre gura, nola balitz Kristo bera, aplikatu zuen bere ahoa llagara, txupatu zio materia zeriona; eta akzione horren kasoz, egin zion Jaungoikoak grazia, ez sentitzeaz handik aitzina gogaitzik batere halako lanetan, baizik debozio eta gusto”
MUSIKA 2 24 Funny loop
ESATARIA 1.
Joakinek euskaraz izkiriatutako milaka paperen artean, gauza jakingarri hau utzi zigun “mozkortu” hitzaren gainean:
ESATARIA 2 + TESTIGANTZA 2
“Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabea…”.
ESATARIA 1.
Hau da, aditzera eman nahi du bere garaian mozkortzea zuhaitz bati adaburua moztea zela, eta edaten zuenari “hordia” esaten zitzaion. Gero, ordea, “mozkortu” hitzak beste esanahi bat hartu zuen, hots, gehiegi edatea eta, horren ondorioz, burua galtzea, gehiegi edaten duenak burua galtzen baitu, mozkortu egiten da, alegia.
Nondik heldu ote zen Iruñerrira “mozkortu” hitzaren esanahi berria? Edo hemen berean eman ote zitzaion lehenbizikoz adiera hori, euskal lurralde guztietara zabaldu baino lehen?
Duela 200 urte inguruko Sanferminei buruzko aipamenik ere egin zuen, dantzaren inguruko prediku batean:
ESATARIA 1 + TESTIGANTZA 2
“Halaber fin onez, dantza izan daike bertute. Hala nola, Sanferminen festan ziudadea zoaielaik bezperetara, meza eta prozesiora, dantzariak zoezi altzinean dantzan lehen, orai eztakit…”
ESATARIA 1.
San Fermin eguneko bezperaz ari da, jakina.
IRTEERA KARETA
Joakin Lizarragak garrantzi handia du, bai aunitz idatzi zuelako, bai hegoaldeko goi-nafarrera erabili zuelako, bai Iruñerriko apezen eredu izan zelako predikuak idazteko.