Albisteak
Nafarroako Gobernuak Irauli elkartearekin hitzarmena sinatu du, familia euskaldunen hizkuntza transmisioari eragingo dion programa bat garatzeko
Iruñeko familientzako jarduerak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko proiektua garatzea du helburua hitzarmenak
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Erkuden de Andrés Imaz, Irauli Elkarteko lehendakaria denak, Nafarroako Gobernuaren eta Irauli elkartearen arteko hitzarmena sinatu berri dute.
Irauli irabazi asmorik gabeko elkartea da, 2025ean, familia euskaldunen beharretatik eta kezketatik Iruñean sortua, familien barneko zein familien arteko hizkuntza ohiturei eragiteko asmoz. Horretarako, familientzako prestakuntza saioak eta jarduerak edo edukiak proposatzen ditu, euskarazkoak eta kalitatezkoak, esaterako: hiztun komunitatea trinkotzeko aukerak eta familian euskaraz jolasteko eta familien artean harremanak euskaraz izateko espazioak sortzea. Irauli elkarteak egoitza Iruñeko Gaztelu Plazako 4an, etxabean, du egoitza, hiriburuaren erdigunean. Ollo lehendakariordea lagundu du bileran Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzaile den Javier Arakamak.
Familia euskararen transmisio prozesuan funtsezko zutabea da. Izan ere, haurrak euskaraz ikasteko eta erabiltzeko lehen gunea familia da, eta eragin handia du haurraren hizkuntza-garapenean. Familia bidezko transmisioaren garrantzia azpimarratzekoa da, lehen hizkuntza, hizkuntza-ohiturak, hizkuntza-konfiantza eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua transmititzen baitira etxean.
Familia bidezko transmisioa indartzeko estrategiak ere garrantzitsuak dira. Gurasoek euskara erabili behar dute beren artean eta haurrekin, haurrek ikus dezaten euskara baliozko hizkuntza dela. Euskara eguneroko bizitzan erabiltzea, euskarazko produktuak kontsumitzea eta familia-jarduerak euskaraz egitea ere funtsezkoak dira. Horrela, haurrek euskara ikasi eta erabiliko dute, eta euskararen transmisioa bermatuko da.
Finean, hizkuntza biziberritzeko prozesuan, haurtzaroa une erabakigarria da hizkuntzarekiko hartu-emana finkatzeko, datu soziolinguistikoek adierazten baitute hizkuntzaren erabilera handitu egiten dela etapa honetan, bereziki haurrak eta helduak elkartzen direnean. Abagune hori probestu nahi du Iraulik, familia euskaldunen arteko harremanen bidez, praktikaz eta gogoetaz.
2026rako sinatu den hitzarmenak 5.000 euroko aurrekontua du eta helburu zehatz hauek ditu: familia esparruan, sendien barnean zein familien arteko komunikazioaren arloan, hizkuntza ohiturei eragitea euskara sendotzeko, familien ahalduntzearen bidez. Helburua gauzatzeko, jarduera askotarikoak proposatu dira bi asteburuetan, urriaren 10ean eta 24an, Iruñean bertan antolatu diren jardunaldietan. Topaketa horietan, besteak beste, familiek elkar ezagutzeko dinamikak egiteaz gain, gurasoentzako “euskaltegia” izeneko jarduera ere egin da, euskara irakasleen eskutik, hizkuntzaren hasi-masiez jabetzeko eta mintzairaren ezagutzaren hobetzerako. Orobat, haurrentzako tailerrak eta dinamika ludikoak antolatu dira begiraleen eskutik. Bukatzeko, familiek, eskulan tailer gidatu batean parte hartu dute euskararen erabilera eta kontzientziazioa lantzeko eta horretan ahalduntzeko.


