Albisteak

Nafarroako Gobernuak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren 2016rako aurrekontu proiektuaren aurkezpena egin du Euskararen Nafar Kontseiluan.

2015-11-26

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, eta Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak, 2016rako Aurrekontu proiektua aurkeztu diete Euskararen Nafar Kontseiluko kideei.

 

Aurreproiektua egiterakoan, Nafarroako Gobernuak kontuan hartu du Nafarroako Gobernurako programa-akordioan argi jasota dagoela beste hizkuntza politika bat behar dela herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko eta Nafarroako bi hizkuntzei tratamendu bera emateko. Legealdirako neurriak adostu ziren, eta hitzartutako neurri guztiak bete ahal izateko finantzabide eta giza baliabide nahikoak izateko konpromisoa hartu zen. Neurri horiek gauzatu ahal izateko, legealdi osoaren ikuspegia kontuan hartu beharko da.

Hauxe izan zen lehenbiziko urratsa: hizkuntza politikaz arduratzen den unitateari, Euskarabideari, beste egitura organiko bat ematea eta haren eskumenak aldatzea, zeharkako lana egin dezan.

Bestalde, kontseilariak berriz azaldu zituen irailaren 18an Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian esandakoak, legealdirako lerro nagusiak hain zuzen:

  • Euskararen egoeraren diagnostiko osoa egitea.
  • Euskararen plan estrategiko errealista, bideragarri eta eraginkorra diseinatzea.
  • Euskarari prestigioa emateko komunikazio-estrategia lantzea, euskararen aldeko sentsibilizazioa gizarteratzeko.
  • Euskararen normalizazioan eraginkorrak diren sektoreei erantzun egokia ematea: helduen euskalduntzea eta alfabetatzea, euskarazko hedabideak, toki-entitateekiko lankidetza bermatzea eta euskararen erabilera bultzatzen duten irabazi asmorik gabeko elkarteei laguntza ematea.

Hurrengo dokumentuan aurreproiektuaren lerro nagusiak ikus daitezke.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora