Albisteak

Iruñaldia jaialdiaren hirugarren edizioak euskarazko kultura garaikidearen inguruko hamar hitzordu baino gehiago hartuko ditu azaroaren 5etik 14ra

2026-10-16

Jaialdiak musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, umorea, gastronomia, erakusketa eta ikus-entzunezko sorkuntza eskainiko ditu Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, Loraldiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker

Iruñaldia Iruñera itzuliko da, azaroaren 5etik 14ra, eta Nafarroako hiriburua euskaraz sortutako kultura garaikidearen plaza bihurtuko du Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatutako jaialdiaren III. edizioarekin, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren -Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez- eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Gaur goizeko aurkezpenean Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura, Festa eta Kirol zinegotziak, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako Eremuko arduradunak eta Imanol Agirre Loraldiko programazio artistikoaren arduradunak hartu dute parte.

Hirugarren edizio honetako leloak jaialdiaren espiritua adierazten du: “Euskarak edertzen du Iruñea”. Mezu horren inguruan, Iruñaldiak hamar hitzordu kultural proposatzen ditu hiri erdigunean, euskarazko sorkuntzaren aniztasuna, kalitatea eta gaurkotasuna herritarrei hurbiltzeko. Izan ere, jaialdia ez da soilik euskaldunentzat, euskararekiko kidetasuna dutenentzat eta, hizkuntza erabat menderatzen ez badute ere, euskal kulturaren kalitatezko proposamenak ezagutu eta gozatu nahi dituztenentzat ere bada. Guztientzat, diziplina anitzeko programazioa antolatu da.

Musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, umorea, gastronomia, musika-erakusketa eta bideo-mappinga eta DJ-mappinga hamar bat kokapenetan egingo dira, Civivox Pompelo eta Kondestable, Udaletxe plaza bera, Gayarre antzokia, Laba, Katakrak, Geltoki eta Karrikiri guneak, Nafarroako Antzerki Eskola eta Euskalerria Irratia barne. Proposamenetan erreferentziazko artista gazteek eta sortzaileek parte hartuko dute, tradizioaren eta abangoardiaren arteko elkarrizketa bizia sortuz.

Ekitaldiak hiriburuko erdigunean

Iruñaldia azaroaren 5ean hasiko da Euskalerria Irratian, DJ-mappingaren eta bideomapingaren inguruko hitzaldi eta proiekzioekin. Egun berean, Irati Jimenezek Gau-pasa kluba aurkeztuko du Katakraken, literatura eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen proposamena.

Hurrengo egunetan, jaialdiak askotariko hitzorduak eskainiko ditu: Ane Lindaneren umorezko bakarrizketa eta esperientzia gastronomikoa Geltokin; Marie de Jongh konpainiaren Amour antzezlana Pompelo Civivoxen; Galbahe taldearen poesia eta musika proposamena Nafarroako Antzerki Eskolan; Olatz Salvador eta Alaia Martinen 1:1 Eskala, Laban; Musika Bulegoa erakusketaren irekiera Kondestablen; Maddi Etxeberria eta Txomin Hegiren Amaitasuna, Karrikirin; Nogenen 10. urteurreneko kontzertua Gayarre Antzokian; Kresala Dantza Taldearen Aztarnak kaleko dantza, Udaletxeko Plazan; eta Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio Lur kontzertua, Pompelo Civivoxen.

Sarrerak eta informazioa

Iruñaldiaren programazio osoa eta sarrerak eskuratzeko informazioa irunaldia.eus webgunean daude eskuragarri. Halaber, Iruña Kultura da webgunean eskuragarri egongo dira Civivox sarean egiten diren jardueretarako eta Nafarroako Antzerki Eskolan eta Gayarre Antzokian hartzen dituzten ekitaldietarako. Jaialdiko ekitaldi batzuk doakoak izango dira, eta Lorazainak diren pertsonek prezio bereziak izango dituzte ordainpeko ikuskizunetan.

Iruñaldia Iruñeko Udalaren eta Loraldiaren arteko lankidetzari esker sortu da. Aurtengo edizioan, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Laboral Kutxa dira erakunde babesleak. Gainera, NAIZ hedabideak eta Iruñean euskararen eta kulturaren alorrean lan egiten duten hainbat eragilek ere parte hartzen dute jaialdian, hala nola Euskalerria Irratiak, Katakrakek, Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topaguneak, Labak eta Geltokik.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora