Albisteak

Foru Gobernuak 1,2 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu helduen artean euskararen ikaskuntza sustatzeko

2026-05-15

2026an eta 2027ko lehen seihilekoan ikastaroetara joatea finantzatzeko banakako laguntzak dira

Foru Gobernuaren Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak helduentzako banakako laguntzen deialdi bat argitaratu du ostegun honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2026an eta 2027ko lehen seihilekoan euskararen ikaskuntza sustatzeko. Deialdiak 1.286.000 euroko inbertsioa du guztira; horietatik 1.001.000 A1 eta A2 mailako ikasleentzako laguntzetarako dira, eta 285.000 gainerako mailetarako.

Zehazki, laguntzak hiru modalitate ezberdinetan banatzen dira: lehena (“A” modalitatea) 2026ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra arte hasi eta 2026ko irailak 31 baino lehen amaitzen diren ikastaroetarako; bigarrena (“B” modalitatea) 2026ko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi eta 2027ko ekainaren 30a baino lehen amaituta dauden ikastaroetarako; eta hirugarrena (“C” modalitatea) 2025eko urrian hasi eta 2026ko ekainaren 31 baino lehen amaituko diren A1 mailako ikastaroetarako.

Onuradunek 16 urtetik gorakoak izateaz gain, Nafarroan erroldatuta egon behar dute deialdi hau argitaratzen den egunean, euskara ikasteko ikastaroren batean inskribatuta egon behar dute eta ikastaro horren truke ordainketaren bat eginda izan behar dute, eman beharreko laguntzaren baliokidea dena, besteak beste. Era berean, laguntza jasotzeko gutxienez %80ko asistentzia ziurtatu behar da, aurrez aurreko ikastaroetan nahiz autoikaskuntzakoetan, oinarrietan adierazten den moduan.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren izapide-katalogoan dagokion fitxaren web inprimakiaren bidez egin ahal izango da, baina NAOn argitaratutako deialdiarekin batera doan II. eranskina ere inprimatuta aurkeztu ahal izango da Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro- eta arreta-bulegotan, edota posta ziurtatuaren bidez bidali ahal izango da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura, (Paulino Caballero kalea 13, Iruña).

Eskaerak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 15etik abuztuaren 31ra bitartekoa izango da A modalitatean, irailaren 1etik azaroaren 3ra bitartekoa B modalitatean eta aurtengo maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartekoa C modalitatean.

Ikastaroak eta laguntzen zenbatekoa

Laguntza jaso ahal izango da aurrez aurreko ikastaro estentsibo eta trinkoetarako, astean gutxienez 4 eskola-ordukoak eta gutxienez 30 ordukoak badira. Halaber, diru-laguntza izango da barnetegietarako, udako ikastaroetarako eta hiriko ikastaro trinkoetarako, ikastaro bakoitza gutxienez 10 eskola-ordukoa bada, eta baliabide telematikoen bidez emandako irakaskuntzarako ere bai, ikastaro bakoitza gutxienez 40 lanordukoa bada. Horrez gain, laguntzen barruan sartzen dira, orobat, berariazko euskara-irakaskuntzak eta aniztasunera egokitzekoak, betiere aurrez aurrekoak eta 40 irakastordutik gorakoak badira.

Zenbatekoei dagokienez, ikastaro-motaren eta ordu-intentsitatearen arabera zehaztuko dira. Ikastaro estentsiboetan, trinkoetan, barnetegietan eta udako ikastaroetan, esate baterako, laguntza hauek aurreikusten dira: 125 eurora bitarteko laguntza 10 eta 80 ordu artekoetan, 250 euroko laguntza 81 eta 200 ordu artekoetan, 350 euroko laguntza 201 eta 270 ordu artekoetan eta 475 euroko laguntza 271 eta 400 ordu artekoetan.

Bestalde, autoikaskuntzako ikastaroetan honela banatuko dira laguntzak: 125 euro 40 eta 100 ordu arteko ikastaroetarako, 250 euro arteko laguntza 101 eta 190 ordu artekoetarako eta 350 eurora bitarteko laguntza 191 eta 400 ordu arteko ikastaroetarako.

Azkenik, ikastaro espezifikoetarako (C2, espezializatuak edo kolektibo jakin batzuei zuzenduak), deialdiaren oinarrietan honako tarte hauek ezartzen dira: 250 eurora bitarte 40-100 ordu artekoetarako, 350 eurora bitarte 101-200 ordu artekoetarako eta 475 eurora bitarte 201-400 ordu artekoetarako.

A1 eta A2 mailetako ikasleen kasuan, laguntzak matrikularen %100era bitartekoak izan daitezke, gehienez 815 euro aurrez aurreko ikastaroetan eta 1.465 euro autoikaskuntzako ikastaroetan.

Gainera, deialdiaren testuan esaten da ikasturtearen barruan ikastaro bat baino gehiagorako laguntza-eskaerak egin ahal izango direla.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora