Albisteak

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

2015-12-10

Nafarroako Gobernuak onetsitako adierazpen batean bere konpromisoa agertu du euskararen erabilera gizarte eremu guztietan ahalbidetzeko

Euskara hizkuntza nafarra da, behialako nahiz egungo nafarren mintzaira; gure kultura ondarearen zeinurik berezienetariko bat eta nafartasunaren ezaugarri funtsezkoa; gure-gurea den hizkuntza, eta euskal hiztun komunitatea osatzen duten beste lurraldeekin nafarrok partekatzen duguna.


Gure historian euskarak ez du nafar jendartean beti leku bera izan. Nafarroa gehieneko eta nafar gehienen hizkuntza izatetik geografikoki zokoraturik eta sozialki apaletsirik egotera iritsi zen. Hiztunek eutsi zioten euskarari, eta horiei esker iraun du bizirik gaurdaino. Nafar jendeak euskararekiko atxikimendua erakutsi du, eta egun euskara Nafarroa osoko gizarte gertakaria da eta belaunaldi guztietako nafarren eguneroko adierazpidea.


Euskara hizkuntza modernoa da, gaurkotua eta egungo bizimoduari egokitua. Mintzaira orok bezala, hiztunen komunikazio beharrak asetzen segitzeko euskarak tokia behar du gizarte modernoan: hedabideetan, teknologia berrietan, goi mailako ikasketetan, kultura produktuetan edo aisialdian.


Horretaz jabeturik, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa nafar gizarteari euskara normaltasun osoz baliatzeko aukera ematea da. Nafarrok geure bi hizkuntzen elkarbizitzarako gizarte adostasuna erdietsi beharra dugu, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea xedea dela.


Hala bada, egungo mundu globalizatuan hizkuntza aniztasunak duen ontasunaz eta eleaniztasunak dakartzan onurez sinetsirik, Nafarroako Gobernuak Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du eta mintzaira nafar honek egungo gizartearen bizikidetzarako eta kohesiorako duen balioa berretsi nahi du.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora