Albisteak

Euskarabideak hitzarmen bana aurkeztu du Lesakako Andra Mari, Berako San Jose eta Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzekin

2026-06-17

Erakunde bakoitzerako hizkuntza-plana egitea eta ezartzea da helburua, eta, horretarako, hainbat ekintza egingo dira, hala nola zentro bakoitzeko hizkuntza-paisaia euskaratzea, langileentzako euskara-ikastaroak, eta euskarazko kultura- eta sentsibilizazio-ekintzak

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak hitzarmen bana sinatu du Baztan-Bidasoako zahar egoitzekin, bakoitzak bere hizkuntza-plana egin eta ezar dezan. Hala, Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren erakunde autonomoaren bitartez, lankidetza-oinarriak ezarri ditu Lesakako Andra Mari egoitzako Erakunde Autonomoarekin, Berako San Jose Ospitale eta Asilo Fundazioarekin eta Zaintza Lanak Baztan S.L.U.rekin (Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte egoitza). Oinarri horiek honako ekintza hauetan zehaztuko dira: zentro bakoitzeko hizkuntza-paisaia euskaratzea, ikastetxeetako langileentzako euskara-ikastaroak, eta euskarazko kultura- eta sentsibilizazio-ekintzak.

Javier Arakama, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Lesakako Andra Mari egoitzan izan da gaur goizean hitzarmenen aurkezpenean. Lesakako alkate eta Andra Mari Egoitzako Erakunde Autonomoko presidente Ladis Satrustegik, Berako alkate eta San Jose Ospital Asilo Fundazioko presidente Aitor Elexpuruk eta Baztango alkate eta Zaintza Lanak Baztan S.L.U.ko presidente Fernando Anbustegik ere parte hartu dute akordio horien aurkezpenean. Beraiekin batera hiru egoitzetako zuzendariak ere izan dira: Laura Apeztegia, Lesakako Andra Mari egoitzako zuzendaria; Agurtzane Obregozo, Berako San Jose egoitzako zuzendaria; eta Angela Nagore, Baztango Francisco Joaquín Iriarte egoitzako zuzendaria. 

"Oso pozgarria da lankidetza-hitzarmen horiek aurkeztea, teknikoki luze landu baitira. 2025ean, hiru udalerrietako alkateak eta egoitzetako arduradunak Euskarabideara etorri ziren egoiliarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko laguntza eske. Une horretatik aurrera, egoera aztertu, diagnostikoak egin, beharrak identifikatu eta euskarazko zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ziren, hau da, egoitzetako adinekoen hizkuntza eskubideak", azaldu du Arakamak.

Era berean, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak zaintza-lanetan komunikazioa ezinbesteko elementua dela azpimarratu du, eta, beraz, zainketetan erabiltzen den hizkuntza zerbitzu publikoaren kalitatearen berariazko osagaia dela, zerbitzu on bat ematetik bereiztezina dela hain zuzen ere. 

Egoiliarren hizkuntza-eskubideak bermatzea

"Nafarroako herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermean aurrera egitea erakunde publikoen betebeharra da – jarraitu du Arakamak-. Euskararen Foru Legetik eratorritako agindua da, hitzarmen hauen xede diren egoitzak dauden eremuan (Baztan, Bera eta Lesaka) hizkuntza honen ofizialtasuna aitortzen duena".

Gogoan izan behar da gizarte-zerbitzu horietan euskarazko arreta bermatzea Estatuak Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko hartutako konpromisoa dela. "Hain zuzen ere, nazioarteko itun honen ezarpenaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan, 2026ko maiatzean argitaratutako berehalako ekintzarako gomendioen txostenak azpimarratzen du, Nafarroaren kasuan, gizarte eta osasun arreta zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartu behar direla", adierazi du Arakamak.

Lankidetzarako oinarri orokorrak

Hitzarmenek Euskarabidearen eta aipatutako hiru erakundeen arteko lankidetzaren oinarri orokorrak ezartzen dituzte. Erakunde horiek 4.000 euroko aurrekontua izango dute, hurrenez hurren, zentro horietan 2026an hizkuntza-plana burutu eta ezartzeko.

Gogoan izan behar da, alde batetik, Andra Mari Egoitza Lesakako Udalaren erakunde autonomoa dela, eta mendekotasunik ez duten adinekoei arreta emateko zerbitzu publikoa ematen duela. Bestalde, Berako San Jose Ospitale Asilo Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, Lares Navarra-Nafarroako kidea, eta mendekotasunik gabeko 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen ditu. Azkenik, Zaintza Lanak S.L.U. Baztango Udalaren erakunde instrumental bat da, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzaren zuzeneko kudeaketa esleitua duena, eta adinekoentzako egoitza-zerbitzua eta eguneko egonaldiak ematen dituena.

Laguntza eta arreta euskaraz bermatzea adinekoentzako arretaren eta zaintzaren esparruko erakundeek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatezko elementutzat hartzen da; izan ere, Lesaka, Bera eta Baztango udalerriak eta Baztan-Bidasoa eskualdea abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak mugatutako eremu euskaldunean daude, eta euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera.

Hitzarmenen bidez finantzatuko diren jarduerak kasuan kasuko hizkuntza-plana egiteko eta ezartzeko izango dira. Zehazki, hizkuntza-paisaia euskaratzea, ikastetxeetako langileentzako euskara-ikastaroak, eta euskarazko kultura- eta sentsibilizazio-ekintzak. Jarduera hauek Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin edo Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera koordinatuko dira.

20 langile baino gehiagorentzako euskara ikastaroak

Berako San Jose Ospitale Asilo Fundazioan eta Lesakako Andra Mari Egoitzan Bortzirietako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua ari da lanean euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko. Gainera, euskara ikastaroak antolatu dituzte: Berako San Jose egoitzan 25 orduko euskara ikastaroa antolatu dute, martxoaren 11tik apirilaren 8ra bitartean zortzi langilek egina eta Bortzirietako Ika euskaltegiak emana. Bestalde, Lesakako Andra Mari egoitzan, langileentzako euskara ikastaroa datorren udazkenean antolatzea aurreikusi da.

Baztango Zaintza Lanak S.L.U.-ri dagokionez, Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuak lan egiten du Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte egoitzako euskararen egoeraren diagnostikoan. Zentro honetan euskara ikastaro bat ere antolatu da langileentzat, apirilaren 17tik ekainaren 12ra, Baztango AEK euskaltegiak emana eta 17 langilek jaso dute.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora