Euskararen Plan Estrategikoak

Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027)

Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutua Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzen ari da

Aurrekariak

2019-2023 legealdiko Nafarroako Gobernurako Programa Akordioan Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzea jaso zen. Hala bada, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen bere hizkuntza politikari esparru ordenatu, koherente eta ebaluagarri bat ezarriko duen plangintza estrategikoa emateko, Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) izan zenari jarraipena emanez.

Bestalde, 303/2019 Foru Dekretuak, azaroaren 6koak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, Euskarabidearen eskumen eta eginkizunei dagokienez, honako hau ezarri zuen: euskararen erabilera ofizialaren araudia garatzeko ikerketa eta aholkularitza eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatu, sustatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak 33E/2020 Foru Agindua, apirilaren 21ekoa, eman zuen, zeinaren bidez agintzen baitzaio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari abian jar dezala Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) prestatzeko prozesua.

Beraz, Euskarabideak aipatu plana moldatzeko prozesua abiatu du. Plan estrategikoa Nafarroako gizartearen parte-hartzeko prozesu zabal baten emaitza izanen da eta datozen urteotan Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikarako bide-orria marraztuko du.

Parte-hartze prozesua

Euskararen II. Plan Estrategikoa sortzeko sei ardatz edo lan esparru estrategiko identifikatu dira:

  1. Euskararen gizarte erabilera
  2. Euskarazko hiztun berriak
  3. Euskara Zerbitzu Publikoetan
  4. Euskararen prestigioa eta erakargarritasuna
  5. Euskara, ekonomia eragile
  6. Euskara hiriburuan

Ardatz hauek jorratzeko bi lan saio eginen dira: lehenengoa urtarrilaren bukaeran eta bigarrena martxoaren erdialdean. Ardatz bakoitzean bilkura bat eginen da dagozkion gai espezifikoak lantzeko.

Lehenengo lan saioan I. Plan Estrategikoaren ebaluazioa eta diagnosia abiapuntu hartuta, II. Plan Estrategikoa osatzeko ekarpenak eginen dira.

Ekarpen horiek bildu ondoren, Planaren aurre zirriborroa osatuko da.

Bigarren lan saioetan aurre zirriborro hori aurkeztuko da eta parte-hartzaileek ekarpenak egiteko aukera izanen dute.

Hala, II. Plan Estrategikoaren zirriborroa osatuko da.

Covid-19ak eragindako egoera dela eta, parte-hartze prozesua telematikoa izanen da.

Jendaurreko aldia

Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroa jendaurreko erakustaldian egon da hilabete batez, Gobernu Irekiaren Atarian. Dokumentua jendaurrean paraturik, gizartearen ekarpenak jasotzeko prozesua abiatu zen eta guztira 58 ekarpen jaso ziren: 56 Gobernu Irekiaren Atariaren bidez, ekarpen bat posta elektronikoz eta beste bat erregistro bidez. Ekarpenak landu ondoren, erantzunak prestatu eta dena txosten batean bildu zen. Txosten hori Gobernu Irekiaren Atarian dago ikusgai.

Egoki jo ziren ekarpenak Euskararen II. Plan Estrategikoaren behin betiko idazketan gehitu ziren. 8 ekarpen onartu ziren, osoki edo zati batean, eta 50 baztertu.

Informazio interesgarria

Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019)

Euskararen I. Plan Estrategikoaren ebaluazio txostena (2016-2019)

Azterketa soziolinguistikoa (2018)

Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroa

Atzera