Euskararen Nafar Kontseilua
Kontseiluaren osaera
1. Euskararen Nafar Kontseiluak burua, buruordea eta bokalak izanen ditu.
2. Kontseiluburua izanen da hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularra.
3. Kontseiluburuordea izanen da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.
4. Honako hauek izanen dira bokal:
- Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.
- Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusia.
- Kontseiluburuak izendaturiko zuzendari nagusi bat, esparru hauetako batekoa: hezkuntza, toki administrazioa, lehendakaritza eta gobernu irekia edo funtzio publikoa.
- Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide.
- Erakunde eta entitate hauetako bakoitzeko ordezkari bat, nork berea:
- Euskaltzaindia,
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa,
- Nafarroako Unibertsitatea,
- Eusko Ikaskuntza,
- Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa,
- Nafarroako Gazteriaren Kontseilua,
- Nafarroako Ikastolen Elkartea,
- Nafarroako Kazetarien Elkargoa,
- Euskalgintzaren Kontseilua.
- Beren estatutuetan euskara sustatzea helburu duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako zazpi kide.
- Euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako bost kide.
5. Euskararen Nafar Kontseiluko idazkaria izanen da Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko titularra.
6. Kontseiluko bokalak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez izendatuko dira, ordezten dituzten entitateek edo erakundeek proposatu ondoan. Bokal horiek izendatzeko kontuan hartuko da emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatuaren printzipioa, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.
Lau urteko agintaldia izanen dute bokalek, eta hura iraupen bereko epeetan berritzen ahal da. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen bokalaren kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.
Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua bokalek:
- Heriotza edo ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako desgaikuntza.
- Norberak eskatuta.
- Lanbidean edo politikan aritzeko desgaikuntza ekarri duen zigorra jasotzea epai irmo baten bidez.
- Ordezkaritza galtzea.
Hautatua izateko epea bukatuz gero, bokalek beren eginkizunetan jarraituko dute bokal berriak karguaz jabetzen diren arte.
Kargu hutsak betetzeko, izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.
Euskararen Nafar Kontseiluko kide izateko izendatzen direnek, Nafarroako Gobernuaren ordezkari izendatutakoek izan ezik, konpentsazio ekonomikoa jasotzen ahal dute bileretara joateagatiko kilometraje- edo dieta-gastuetarako. Zenbatekoa kalkulatzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat ezarritako tarifak aplikatuko dira.