Albisteak
Zabalik dago Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea; azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da
Ekimen honen aurkezpenean parte hartu du Ollo kontseilariak. 2020ko euskaraldiaren helburua da euskararen erabilera sustatzea hiztunen hizkuntza ohituretan eragiteko
Ostegunean, irailak 24, ireki da Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea. Ekitaldi sozial horren helburua da euskararen erabilera sustatzea, hiztunen hizkuntza ohituretan eragiteko. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da ekimena, eta parte hartuko du Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Nafarroako Euskararen Institutuaren bitartez.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Gasteizen, Euskaraldiaren koordinazioaz arduratzen diren erakunde eta entitateetako ordezkariekin batera.
Bertan izan dira Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua, eta Zuriñe Gil eta Maialen Sobrino Geu Gasteiz elkarteko eta Zaramagako auzo elkarteko ordezkariak, hurrenez hurren.
Agerraldian parte hartzerik izan ez duten arren, Euskaraldia Euskararen Erakunde Publikoaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Euskal Konfederazioaren koordinazio eta antolaketan parte hartzen dute.
Ekimenak 16 urtetik gorakoen hizkuntza ohituretan eta portaeretan eragin nahi du. Parte-hartzaileek euskara ulertzeko gaitasuna izan behar dute gutxienez, baina, hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein den beretzat rol egokiena. Kontzienteki eta borondatez, 15 egunez hizkuntza-ohiturak aldatu edo euskararen erabileran urratsak eman nahi dituztenek, bete nahi duten rolean izena eman ahal izango dute, ariketa dagokien rolaren txapa jantzita egin ahal izateko.
2018an egindako Euskaraldiaren edizioan, Nafarroan 20.000 pertsonak eta Foru Erkidegoko 75 udalerrik parte hartu zuten.
Gero eta gazte euskaldun gehiago
Bere hitzaldian, Ollok azpimarratu du Euskaraldian "euskararen ezagutza maila eta motibazio ezberdinak dituzten pertsonek parte hartuko dugula. Askotarikoak gara eta, hala ere, badugu zerbait komunean: euskaraz gehiago komunikatzeko pausoak emateko prest gaude ".
Ildo horretan, kontseilariak Nafarroa aipatu du: "Nafarroan euskara dakiten gazteen ehunekoak etengabe egin du gora azken urteotan. Nafarroan, gazteen % 25 euskaldunak dira. Belaunaldi euskaldunagoak datoz, hemen dauden belaunaldiak, eta horrek erakusten digu euskarak etorkizuna duela Nafarroan ", esan du.
Gaurko ekitaldian parte hartu duten guztiek parte hartzeko deia egin dute. Antolatzaileek Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartu zutenei berriro izena emateko deia egin diete, eta azpimarratu dute ekimenak ateak zabalik dituela 2018an parte hartu ez zutenentzat. Ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi dutenek ere eman beharko dute izena.
Beharrezko ariketa baita COVID-19 denboretan ere
Gaur goizean agerraldia egin dutenek azpimarratu dutenez, COVID-19ren pandemiak sortutako egoerak eragina izango duela Euskaraldiaren bigarren edizioan. Gizartea kolpatu duen pandemiak euskarari ere eragin dio. Horregatik, Euskaraldia euskararen erabilera bultzatzeko ariketa praktikoa eta motibatzailea izatea nahi dute antolatzaileek.
Azken hilabeteetako prestaketa lanetan pandemiak eragin zuzena izan du izena eman duten herrietan antolatu diren batzordeetan. Hala ere, lehenengo edizioan Euskaraldiarekin bat egin zuten herrien kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Gainera, dagoeneko 4.300 entitatek baino gehiagok eman dute izena euskara erabiltzeko guneak sortzeko, guztira 13.000 arigune baino gehiago.
Euskaraldian Entitateek izena emateko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta behin betiko datuak urrian zehar jakinaraziko dira.