Albisteak

Wikipedian euskarazko eduki digitalak sortu, zabaldu eta kontsumitzea sustatuko du Nafarroako Gobernuak

2020-07-23

Ana Ollok eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu dute "Wikipedia Euskaraz" proiektua Nafarroan garatzeko

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute Wikipedian euskarazko kultur eduki digitalen sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeko.

 

Nafarroako herritarrei euskarazko eduki digital eta kulturalaren eskaintza handitzen jarraitzeko asmoz, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak bi erakundeen arteko lankidetza formalizatu dute gaur goizean. Horri esker, 25.000 euroko diru ekarpena duena, kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarrekin lan egingo dute aurten Nafarroan "Wikipedia Euskaraz" programa ezartzeko.

Euskarabideak, Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019), informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia areagotzea jarri zuen helburutzat, euskararen gizarte erabilera sustatzeko helburu nagusiarekin. Bigarren planak ere bide beretik jarraituko du. Hortaz, Interneten dauden informazio guneetan euskarazko publikazioak eta eskaintza handitzeko ekimenak babestea beharrezkoa suertatzen da.

Bere hitzaldian, Ollok azpimarratu du sinadura horrek "lankidetza instituzional publiko-pribatu horretan aurrera egitea" dakarrela, "kasu honetan bezala, 2016tik edukia eta ezagutza librea eta horiekin lotutako proiektuak euskaraz zabaltzen dituen elkarte batekin".

"Aro batean bizi gara, non teknologiaren erabilerak aurrera egiten duen egunez egun, lanean eta aisialdian, edo kulturaren kontsumoan. Hori dela eta, une ezin hobean gaude horrelako lan-sinergiak ezartzeko, Nafarroako herritar guztien eskura euskarazko kultur adierazpenak jartzeko eta hainbat jardueraren bidez zabaltzeko", esan du.

Ollok gogorarazi duenez, Nafarroa Suspertu Planaren barruan, "agerian geratzen da berrikuntza teknologikoaren beharra aurrera egiteko". Eta esan du, “ Bizi dugun aro digitala are nabarmenago geratu da konfinamenduan, eta prozesu hori aprobetxatu behar dugu euskara eta bere kultura pertsona guztien eskura jartzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko".

Proiektuak Nafarroan

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea, 2016an sortu zenetik, Nafarroari lotutako hainbat proiektutan aritu da lanean, gaur goizean sinatutako hitzarmenari esker indartu eta aurrera jarraitu ahal izango dutenak

Tokiko eragile eta erakundeekin elkarlanean, Wikipediaren bidez Nafarroako kultur ondarea zabaltzen lan egin da. Herriko toponimia, euskalkiak, istorioak eta monumentuak dira abian jarritako ekimenen protagonistak. Horrez gain, tokiko hedabideekin lan egiteko ildoak ere ezarri dituzte, Ttipi-Ttapa aldizkariarekin, esaterako. Aldizkariak Wikimediara igo du bere argazki-funtsaren zati bat, mundu guztiarentzat eskuragarri jarriz. Proiektu honi esker, adibidez, 1980 eta 1992 urteetako irudiak ikusi ahal izango dira deskribapen txiki batekin lagunduta.

Horretaz gain, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak garatzen dituen proiektuen artean ondare kulturala eta geografikoa zabaltzea dago, WikiBizi Euskal Herria ekimenaren barruan euskararen lurralde osoko lehen bidaia-gida irekia online eginez. Besteak beste, Irantzuko lurren inguruko ibilbideak sarera igotzea eta Larraungo mendi ibilbideen zerrenda eguneratzea aurreikusi dute. Oteiza museoarekin elkarlanean ere hasi gara, Jorge Oteizaren obra eta ondarea Wikipedian zabaltzeko asmoz.

Gainera, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan du proiektuan, eta WikiBizi Euskalherriak hiru argazki lehiaketa antolatu ditu udan zehar, ondareari eta naturari buruzko argazkiak biltzeko.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora