Albisteak
Sarean Euskaraz programak doako 20 ikastaro eramanen ditu Nafarroako 17 herritara urrian eta azaroan
Hirugarren urtez, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutoaren bitartez, antolatu du kultura digitalean euskara sustatzea helburu duen egitasmoa
Zabalik dago III. Sarean Euskaraz programako tailerretan izena emateko epea. Interesa duen edozein hiritarrek har dezake parte esteka honen bitartez izena emanda.
Hauxe da programaren aurtengo berritasun nagusia. Doako bost motatako 20 ikastaro izango dira aukeran Nafarroako hiriburuan eta beste 16 herritan, guztiak euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) ingurukoak. Eskarmentu handiko profesionalak arduratuko dira ikastaroak bideratzeaz.
Iruñean lau hitzordu izanen dira, eta gainerako 16 herrietan hitzordu bana, guztiak urrian eta azaroan. Euskarabideak udaletako euskara zerbitzuen laguntzarekin garatutako egitasmoa denez, herrietako kultur etxe, gazteleku nahiz liburutegietako aretoetan garatuko dira.
Ikastaro bakoitzean 20 lagunentzako tokia izango denez, orotara, 400 herritarrek hartu ahal izanen dute parte. Hortaz, begiratu ikastaroen eskaintza, aukeratu zeure gustukoa eta izena eman!
III. SAREAN EUSKARAZ
Euskarazko kultura digitalari bultzada eman eta ezagutarazteko asmoz abiarazi zuen Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutoaren bitartez, Sarean Euskaraz egitasmoa; lehenengoz, duela bi urte.
Aurreko ekitaldietan, egun osoko jardunaldia izan da programako hitzordu nagusia, eta aurten ere, izango da halakorik: urriaren 29an izango da, Iruñeko Baluarten.
Orain hasiko den 2019ko berezitasuna, ordea, arratsaldetako 20 ikastaroak izango dira zeinak publiko orakorrari eskaintzeko diseinatu diren: bost motako 20 ikastaro Nafarroako hiriburuan eta beste 16 herritan.
BOST IKASTARO MOTA
YouTube, blogak, musikagintza, robotika eta pribatutasuna izango dira ikastaro-eskaintzaren bost ardatzak. Hurrenez hurren, Aitor Gametxo zinegilea, iAmetza enpresa, Dj Makala, ProtoMakers kluba eta Maider Likona Gipuzkoako Software Askea elkarteko kidea arduratuko dira horietako bakoitza zuzendu eta edukiz hornitzeaz.
- Youtuber izateko mila modu: bideo-edizio ikastaro-lantegia
> ZUZENDARIA: Aitor Gametxo.
> EDUKIA: YouTube plataforma bera eta eskaintzen dituen aukerak arakatzeko lantegi teoriko-praktikoa. Parte-hartzaile bakoitzak ikus-entzunezko pieza bat sortuko du, lehen pertsonan, eta nork bere estetika eta bestelako aukeraketak sormen-prozesuan txertatuta.
> EZAUGARRIAK: 6 ordu, 3 orduko bi saiotan banatuta.
> NON/ NOIZ:
Erronkari: urriak 3, Erronkari DBHI.
Iruña: urriak 11 (17:00-20:00) eta 18 (17:00-20:00). Condestable Jauregia.
Zizur Nagusia: urriak 17 (17:00-20:00) eta 24 (17:00-20:00). Kultur Etxea.
Elizondo: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 9 (10:00-13:00). Lanbide Eskola.
- Zergatik komunikatzen dugu gaizki?
> ZUZENDARIA: iAmetza enpresa.
> EDUKIA: Blogetan eta, oro har, sare sozialetan komunikatzeko kontuan hartu beharreko teknikak eta gakoak latzeko tailerra: bloga sortu bai, baina nola erabili, nola idatzi edota nori zuzendu. Era berean, euskaraz eta era librean lan daitezkeen bideak ezagutzeko balio izango du.
> EZAUGARRIAK: 6 ordu, 3 orduko bi saiotan banatuta.
> NON / NOIZ:
Otsagabia: urriak 2. Otsagabia DBHI.
Doneztebe: urriak 9 (17:00-20:00) eta 16 (17:00-20:00). San Miguel ikastetxea.
Etxarri Aranatz: urriak 23 (17:00-20:00) eta 30 (17:00-20:00). Kultur Etxea.
Atarrabia: azaroak 6 (17:00-20:00) eta 13 (17:00-20:00). Kultur Etxea.
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak
> ZUZENDARIA: Dj Makala
> EDUKIA: Mugikorrek, tabletek eta antzeko gailuek eskaintzen dituzten musika aplikazio berriak era erraz, intuitibo eta dibertigarrian erabiltzera bideratutako saioa; Sarean musika sortu, nahastu nahiz zabaltzeko.
> EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra. Ezinbestekoa nork bere smartphonea edo tableta eta aurikularrak eramatea.
> NON / NOIZ:
Leitza: urriak 4 (18:00-20:00). Liburutegia.
Burlata: urriak 5 (11:30-13:30). Gaztelekua.
Tafalla: azaroak 8 (18:00-20:00). La Kolasa Gazte Etxea.
Iruña: azaroak 9 (12:00-14:00). Condestable Jauregia.
- Robotika ikastaro-lantegia
> ZUZENDARIA: ProtoMakers kluba
> EDUKIA: Robotika eta automatizazioan murgiltzen hasteko tailerra, baita eskema elektronikoak interpretatzen ikastea ere, Arduino mikrokontroladorea beste elementu elektroniko batzuekin konektatzeko. LED bat piztu, zenbait sarrera landu: pultsadoreak, tenperatura sentsorea… bozgailu eta motoreak irteera gisa aktibatu... Ikasitakoarekin, parte-hartzaileek, binaka, automatizazio proiektutxo bat egingo dute.
> EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra.
> NON / NOIZ:
Barañain: urriak 14 (16:30-19:00) eta 17 (16:30-19:00). Liburutegia.
Antsoain: azaroak 4 (16:30-19:00) eta 11 (16:30-19:00). Gaztelekua.
Bera: azaroak 7 (17:00-20:00) eta 14 (17:00-20:00). Beralandeta.
Iruña: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 15 (17:00-20:00). Condestable Jauregia.
- Pribatutasuna Sarean
> ZUZENDARIA: Maider Likona
> EDUKIA: Sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure bizitzako alor guztietan: aisialdian, ikasketetan, lanean, harremanetan... Baina nolako arrastoa uzten dugu? Nork eskura dezake informazio hori? Nolako ondorioak izan ditzake? Eta etorkizunean? Galdera horiei erantzutera eta, batez ere, sare sozialak egoki erabiltzeko hainbat aholku aletzera bideratutako saioa.
> EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra.
> NON / NOIZ:
Berriozar: urriak 18 (18:00-20:00). Kulturgunea.
Lizarra: urriak 19 (12:00-14:00). Fray Diego Kultur Etxea.
Agoitz: azaroak 8 (18:00-20:00). San Miguel ikastetxea.
Iruña: azaroak 9 (10:00-12:00). Condestable Jauregia.