Albisteak
Ollo lehendakariordeak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko
Helduei euskara irakasteko ikastaroaren irekieran, Miren Lourdes Oñederra doktore eta Euskaltzaindiko kideak ahoskerari buruzko hitzaldi bat eskaini du
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko, 2023-2024 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian, zeina gaur eguerdian egin baita Iruñean. Ekitaldi horretan, lehendakariordearekin batera egon dira Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Miren Lourdes Oñederra Olaizola Euskal Filologiako doktore eta Euskaltzaindiko kidea. Azken horrek Euskarazko ahoskera hitzaldia eman du.
Bere hitzaldian, Ollo lehendakariordeak bi kontu nabarmendu ditu: alde batetik, Foru Gobernuak azken urteotan “helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko” hartu duen konpromisoa, horretarako politika publikoko baliabideak bideratzen dituela Euskarabidearen bidez zabaltzen diren laguntza deialdietan; eta, bestetik, euskaltegiek egindako lan eta ahalegin handiak. Denen arteko ahalegin horri esker, 5.000 helduk baino gehiagok jasotzen dute prestakuntza urtero Nafarroan.
Hala, Ollok euskaltegien lana nabarmendu eta aintzatetsi du, lortu baitute “euskara inoiz ikasi ez duten helduak edo noizbait zerbait ikasi dutenak, baina erabiltzen ez dutenak, euskarara hurbiltzea”. Era berean, euskaltegiek beren prestakuntza jarduerak publiko mota guztiei egokitzeko egiten duten ahalegin handia nabarmendu nahi izan du.
Nafarroako helduen artean euskara sustatzeari dagokionez, azpimarratu behar da irailean kanpaina zabal bat egin dela Euskara orain lelopean, 33 toki entitate eta eremu horretako eragile garrantzitsurekin lankidetzan, hala nola Zubiarte euskaltegiarekin, Hizkuntza Eskola Ofizialarekin, AEK eta IKAren gizarte ekimeneko euskaltegiekin eta bai&by euskaltegiekin. Ollo lehendakariordeak eskerrak eman dizkie “euskalduntzean aurrera egitea” ahalbidetzen duten eragile guztiei.
Era berean, Ollo lehendakariordeak gogorarazi nahi izan du Foru Gobernuak, Euskarabidearen bidez, bultzada eman diela ikasleek ikastaro trinkoak, barnetegia eta autoikaskuntzako ikastaroak egiteko laguntzei; izan ere, ikasturte honetan, 50.000 euro gehiago eman ditu laguntza horietarako, 350.000 euroetara iritsiz.
Irekia dago laguntzen deialdiaren epea
Amaitzeko, gogorarazi behar da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak deialdia ireki duela, datorren urriaren 31ra arte, helduei euskara irakasten dieten euskaltegiak eta gau eskolak sustatzen dituzten erakundeek laguntzak eskatzeko. 2023-2024 ikasturtean 2.460.000 euroko aurrekontua izanda, prestakuntza hori lau irakaskuntza modalitatetan finantzatzen da: aurrez aurreko taldeak (gutxienez 80 ordu); udako barnetegiak eta trinkoak (gutxienez 40 ordu); ikastaro telematikoak (gutxienez 100 ordu) eta irakaskuntza espezifikoak eta eskariari egokitutakoak (gutxienez 40 ordu ikastaro bakoitzeko).
Laguntzak eskatzen dituzten entitate juridikoek Foru Komunitatean kokatuak egon behar dute, eta haien helburu nagusietako bat izan behar da hizkuntza hori berezko bitartekoekin eta programazioarekin irakastea. Halaber, Euskarabideak kudeatzen duen Euskaltegiak eta Gau-eskolak izeneko irakaskuntza zentroen fitxategian inskribatuak egon beharko dute.
Dirulaguntza eskuratzeko, eskabidea aurkeztu beharko dute bide telematikotik, nafarroa.eus webguneko tramiteen katalogoko fitxa honen bidez, 2023ko urriaren 1etik 31ra bitartean. Ondoren, justifikaziorako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, prestakuntza ematen den aldiaren araberakoa. Honako hau da: ikasturte bakoitzeko ikasleen zerrenda, eta egindako diru-sarrerak eta gastuak justifikatzeko kontua.