Albisteak
Ollo kontseilariak nabarmendu du gero eta gehiago direla euskara ikasten duten helduak azken urte hauetan
Helduek euskara ikasteko ikasturtearen irekieran, Amaia Arroyo-Sagasta doktore eta irakasleak "euskararen irakaskuntza aro digitalean" hitzaldia eman du
Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du urtetik urtera Nafarroan euskara ikasten duten pertsona helduen kopurua pixkanaka gehitzen doala. 2019/2020 ikasturtea irekitzeko ekitaldia NAPIn egin dute, eta bertan izan da baita ere Amaia Arroyo-Sagasta doktore, irakasle eta ikerlaria ondorengo hitzaldia emateko: “Euskarako irakasleak aro digitalean: gaitasun digitala bidaia-lagun moduan”.
Era horretan, kontseilariak eskertu nahi izan du Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, tokiko 34 erakunderekin eta euskaltegi publikoekin nahiz ekimen sozialekoekin beste urte batez izandako lankidetza estua. “Edozein sinergia eta batera egindako lana ona da elkarrekin partekatzen dugun helburua lortze aldera. Elkarrekiko lankidetza da jarraitu beharreko bidea, eta horrek erakusten du Nafarroan gero eta pertsona heldu gehiago matrikulatzen direla euskara ikasteko”, adierazi du.
Izan ere, ikastetxe publikoetako, hizkuntza eskola ofizialetako eta ekimen sozialeko zentroetako datuei erreparatuta, urrutiko ikastetxeak kontuan hartu gabe, 5.931 pertsona matrikulatu ziren 2017-2018 ikasturtean. Azken urtean, aldiz, 6.358 lagunek egin zituzten ikasketak euskaraz; hau da, %7,2 gehiago.
Ollok berretsi nahi izan du Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak Euskarabidearen bitartez duen borondatea helduek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko. “Nafarroako pertsona helduei eskubide hori aitortzen zaie, eta, administrazio gisa, eskubide hori burutu ahal izateko neurriak bermatzen jarraitu behar dugu”.
Irakasleak eta aro digitala
Ikasturtea irekitzeko ekitaldian, Amaia Arroyo-Sagasta irakasleak eta ikertzaileak honako hitzaldi hau eman du: “Euskarako irakasleak aro digitalean: gaitasun digitala bidaia-lagun moduan”. Modu horretan, euskarako irakasleek aro digitalean izan ditzaketen premiak eta horiek lantzeko moduak identifikatzen ahalegindu da. Eta hori guztia soilik irakurketan eta idazketan oinarritutako ikuspegi tradizionala aberasten joateko helburuarekin; alegia, euskara erabiltzen lagundu behar da informazioa eskuratzeko, komunikatzeko eta edukiak sortzeko, segurtasuna zainduaz eta arazoak konponduaz.
Laguntza-epea irekita
Bigarren urtez, Nafarroako Gobernuak laguntza-deialdia abian jarri du 2019-2020 ikasturte akademikoan euskara ikasten arituko diren helduentzat. Laguntza 150.000 euroko da, eta horren bitartez diru-laguntza emango da ikastaro estentsiboak eta intentsiboak, barnetegiak eta norberak ikasteko ikastaroak egiteko. 2018. urtean, 600 lagunek eskuratu zuten laguntza.
Laguntzak eskatzeko epea urriaren 1etik 31ra bitartekoa izango da. Ikastetxe publikoei eta ekimen sozialekoei nahiz laguntzei eta herriei buruzko informazioa eskuratzeko, ondorengo web orrialdera jo dezakete herritarrek.