Albisteak
Nafarroako mendien izenen gainean hamaika mikrosaio sortuko dira bideo eta audio formatuetan
Euskarabidearen egoitzan kontratuak sinatu dira toponimiari buruzko hamaika mikrosaio sortzeko, bideo eta audio formatuetan.
Ekoizpena hiru enpresen esku geldituko da eta aipatu kontratuen sinaduran honako ordezkari hauek izan dira: Labrit Multimediaren aldetik, Gaizka Aranguren Urrotz; Ttipi-ttapa Fundaziotik, Jose Manuel Irigoien Sanzberro; Xaloa Kultura Elkartetik, Joseba Igarabide Huarte eta Euskarabidetik, Maximino Gómez Serrano zuzendari-kudeatzailea.
Sortuko diren mikrosaio horiek Internet bidez argitaratuko dira, hasiera batean, erregistratuta dauden komunikabideentzat erabilgarri izateko, eta hiru hilabete pasatuta, publiko orokorrari eskainiko zaizkio. Sinatzeko unea Albistegune web orrialdearen funtzionamendua eta antolaketa ikusteko ere baliatu da.
Mikrosaioen edukia Nafarroako mendien izenak azaltzea izanen da, eta horiek garatzeko, hiru ekoizpen mota eginen dira: batetik, lau begiratoki hartuko dira eta bertatik ikusten diren mendien deskripzioa (Erredin, Mendillorri eta Malloak); bestetik, lau mendiren igoera eta tontorretik dagoen ikuspegia (Txutxu –Uxue-, Ori eta Tripazul –Errege Bardeak-); azkenik, hiru politoponimo edo ugari azaltzen diren toponimo esanguratsuren deskripzioa (Gurugu, Barga eta Erripagaña).
Bestalde, aipagarria da Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen partaidetza proiektu honetan laguntzaile moduan, Mikel Belasko toponimia arduradunaren bidez, Euskarabidearekin lankidetzarako sinatuta duen hitzarmenaren ondorioz.