Albisteak

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hizkuntza plangintzan aditu titulu berekia sortzeko hitzarmena sinatu dute

2026-05-25

Titulazio berria hizkuntza-sustapenean eta -plangintzan interesa duten profesionalei eta pertsonei zuzenduta dago, eta euskaraz emango da erabat

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Irakaskuntzen erretoreorde Javier Goicoecheak hitzarmena sinatu berri dute 2026-2027 ikasturtean “Euskara gizartean indarberritzeko eta sustatzeko hizkuntza plangintza” izeneko aditu titulu berekia unibertsitate eskaintzan txertatzeko.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, euskara sustapenerako eta hizkuntza plangintzarako prestakuntza eskaintza Foru Komunitatean sortzea beharrezko jo du. Izan ere, erakunde publikoek hizkuntza politikaren plangintzan prestakuntza tekniko egokia duten langileak behar dituzte. Orobat, Nafarroakoa bezalako testuinguru eleaniztunean, erakundeek hizkuntza kudeaketa gero eta beharrezkoagoa dute eta kudeaketa horretan euskara egoki lantzeko langile prestatuak behar dira.

Euskara gizartean indarberritzeko eta sustatzeko aditu titulu berekia

Aditu titulu berekiak 15 ECTS kreditukoa da eta euskararen sustapena lanbide dutenei edota izan nahi dutenei zuzenduta dago. Hala, ikastaroa euskaraz izanen da erabat eta, hasi eta buka, online irakaskuntza asinkronoan egingo da, 2026ko azarotik 2027ko ekaina bitarte.

Tituluak prestakuntza behar hauei erantzun nahi die: alde batetik, egungo gizarte konplexuan, euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko plangintza apailatzen, burutzen eta ebaluatzen, bai eta hizkuntza gutxituak indarberritzearen eragingarri diren faktoreez jabeturik, euskararen kudeaketan dakiten langile prestatuak behar dira. Berebat, testuinguru eleaniztunetan, hizkuntzen kudeaketa funtsezko bilakatu da; inon baino areago, euskara bezala, gutxiturik dauden mintzairen ezagutza eta erabilera jendartean zabaldu eta sustatu nahi den lurraldeetan.

Bestalde, hizkuntza lege-araudietan jasotakoaren ondorioz, erakunde publikoek hizkuntza politika kudeatzen dute eta, politika publikoaren beste edozein arlotan bezala, euskararen inguruko esku-hartzetan metodologia egokia erabili behar dute. Izan ere, euskara gizartean sustatzeak ere plangintza eta estrategia berekiak eskatzen ditu. Hala bada, euskara indarberritzeak plangintzan, hau da, hizkuntza-planen diseinuan, garatzean, horien jarraipenean bai eta ebaluazioan ere, trebaturiko langileak behar ditu. Diploma honek oinarrizko prestakuntza tekniko hori eskaintzen du.

Irakaskuntza edukiak sei modulutan sailkatuta daude: (1) Soziolinguistika, hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza; (2) Euskararen historia soziala eta bilakaera; (3) Euskararen eraentza juridikoa; (4) Erakunde publikoetako hizkuntza kudeaketa; (5) Euskararen sustapena arlo sozioekonomikoan; eta (6) Euskararen sustapena eremu ez-formalean.

Matrikula irekita dago NUPen webgunean egin daiteke eta Nafarroan erroldatutako ikasleek hobaria izango dute matrikulan.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora