Albisteak

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak gaur sinatu dute hitzarmena

2012-04-03

Maximino Gómez Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur sinatu dute Euskarabidearen egoitzan lankidetzarako urteko hitzarmena.

Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hau 1918. urtetik honakoa da; urte horretan eratu zen Euskaltzaindia eta Nafarroako Foru Diputazioa erakunde eratzaileetako bat izan zen.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean xedatzen da, euskararen arauen ezartze ondorioetarako, Euskaltzaindia izanen dela erakunde aholku-emaile ofiziala eta, halaber, Euskaltzaindia izanen dela toponimiaren gaineko txostenak luzatuko dituen erakundea.

Hitzarmen honen helburua da sinatzaileek onartzen dituzten konpromisoen esparrua berritzea Euskaltzaindiak Nafarroako Foru Komunitatean lana egiteko aukera izan dezan.

Hitzarmen honen aurrekontua 87.314 eurokoa da, 2012rako Nafarroako Parlamentuak onetsitako kontu-sail osoari dagokiona. Horrekin diruz lagunduko dira Euskararen Corpus Onomastikoko lanak eta Mendaur bildumako ale berri baten argitalpena. Aurrerakin modura, Euskaltzaindiak 60.000 euro jasoko ditu hitzarmen hau sinatzen denean.

Horretaz gainera, Euskarabideak, Euskaltzaindiaren eskariz, erabaki dezake bere langileak Nafarroako euskarari buruzko lanak egiten jartzea, bi erakundeek zehazturikoetan, alegia.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora