Albisteak
Nafarroako Gobernuak eta Dindaia Fundazioak aisialdiko eta denbora libreko jarduerak euskaraz eskaintzeko hitzarmena sinatu dute
Euskaraz KiLiKa online proiektua haurrei zuzenduta dago
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea –Euskararen Nafar Institutuaren bidez, eta Dindaia Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute haurrei zuzendutako aisialdiko eta denbora libreko jarduerak euskaraz eskaintzeko. Proiektuaren izena Euskaraz KiLiKa da, eta Internet bidezko talde-elkarrizketen proposamen bat da, euskaraz eskolatutako 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua, eremu eta herri desberdinetako ikasleekin elkarreraginean aritzeko.
Euskara haurren aisialdian sustatzea da, hain zuzen, Euskarabidearen ardatz estrategikoetako bat. Hala jaso zen Euskararen I. Plan Estrategikoan, eta hala jasoko da prestatze prozesuan dagoen II. Plan Estrategikoan ere.
Haur euskaldunei euskararekin eskolaren eremuz kanpoko bizipen gozagarriak eman nahi zaizkie, jakinik aisialdiko arloak biziki laguntzen diela euskaraz aise eta eroso aritzen eta euskaraz egiteko ohiturak sendotzen. Ekarpen hori bereziki nabarmena da euskara etxeko hizkuntza ez duten haurren kasuan.
Bestalde, pandemiak ekarritako testuingurua aintzat hartu beharrekoa da. Pandemiak, bizitzaren esparru guztietara bezala, hizkuntzaren erabilerara ere erronka berriak ekarri ditu, haurren aisialdia gozatzeko moduari eta euskararekin duten harremanari bete-betean eragin dietenak.
Joan den urtean eskolak ixteak eta bizitza sozialaren ondoko murrizketek euskararekiko eguneroko harremana franko ahultzea ekarri zieten hainbat haurri, aisialdi antolatuko aurrez aurreko jarduerak eten edo nabarmen murriztu baitziren. Aisialdia haur anitzek euskararekin eskolaz kanpoko harremana izatea bermatzen dien arlo bakarra denez, aditu batzuk hizkuntza arrakalaz mintzatu dira, hau da, ikasleen artean areagotu diren hizkuntza aldeez.
Haurrei ohiko aurrez aurreko sozializazio aukerak gutxitu zaizkien testuinguru honetan eta haurren arteko euskararen erabilera bultzatzeko aisialdia funtsezkoa dela jakinik, Dindaia Fundazioak aisialdia euskaraz on line gozatzeko proiektua garatu du.
Proiektuak Euskaraz KiLiKa izena du eta Internet bidez talde elkarrizketetan euskaraz aritzeko proposamen bat da, Nafarroa osoan barna euskaraz eskolaturik dauden 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendua eta eskualde desberdinetako haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera ematea xede duena.
Proiektua
Haurrak taldeka elkartuko dira online plataforma batean eta, begirale baten laguntzaz, elkarrekin jolas desberdinak eginen dituzte. Zortzi saio dira, bakoitza 40 minutukoa. Nafarroako D ereduko 8-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
- Hauek dira aisialdian euskara erabiltzeko online proposamen honen helburuak:
- Pandemiaren ondorioz sortu den hizkuntza arrakala txikitzen laguntzea.
- Nafarroako haurren artean harremanak euskaraz sortzen laguntzea.
- Nafarroako haurrak euskararen lurraldeetako haurrekin elkartzen laguntzea.
- Haurrei eta gazteei euskaraz gozatzeko aukera eskaintzea.
- Euskarazko aisialdi ez lehiakor eta sortzailea bultzatzea.
Proiektua Nafarroa Suspertu Planean jasotzen diren neurriekin bat egiten du Nafarroako eskualdeetako haurren artean harremana sustatzen baitu plataforma digital baten bidez.
Hitzarmen honen bidez, Dindaia Fundazioaren Euskaraz kilika ekimenaren gastu hauek finantzatuko dira: egitura gastuak, koordinazio gastuak, begiraleen langile gastuak, komunikazioa eta pedagogia eta prestakuntza jarduerak. 2021eko Nafarroako aurrekontu orokorretan Dindaia Fundazioarekiko hitzarmenak izendun diru-saila du, 60.000 euroko funtsa duena.