Albisteak
Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen foru dekretua onartu du
Arau berriaren nobedade nagusia plangintza da eta Nafarroako Kontseiluak joan den hilean egin zuen irizpena kontuan hartuz aldatu da
Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen foru dekretua onartu du gaur egindako bilkuran.
Arau honen helburua prentsaurrekoan aurkeztu du gaur Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak. Hain zuzen, Nafarroako herritarrek Administrazioak euskaraz artatzeko duten eskubideari erantzutea da helburua, Euskarari buruzko Foru Legeak aitortzen duen moduan, eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoak eta zonifikazioak ezarritako gradazioa kontuan hartuz egitea.
Horrela, foru dekretuaren xedea da eremu euskaldunean euskarak eremu horretan aitortuta duen ofizialtasunak ekarritako eskubide guztiak bermatzea, eta eremu mistoa delakoan, euskarari buruzko Foru Legeak aitortutako hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatzea herritarrei. Halaber, administrazio-jarduera ere egokitu nahi du foru dekretuak, eremu ez-euskalduneko herritarrei administrazio publikoekin euskaraz hitz egiteko eskubideari erantzun positiboa emateko.
Herritarrei erantzutea
Kontseilariak azaldu du dekretuaren eginkizun nagusia hau dela: "euskaraz hitz egiten duten laurogei mila nafar baino gehiagori erantzutea, une honetan ezin delako beraiekin euskaraz hitz egin". Gogoratu du plaza elebiduna duten 160 plaza baino gutxiago ere badaudela 16.000 funtzionario baino gehiagoko taldean. Kasurik nabariena gisa Nafarroako Ospitalegunea aipatu du, plaza batek bakarrik baloratzen duelako euskara meritu gisa 6.142 plazen barruan.
"Berme bikoitzeko dekretua da, herritar euskaldunen eskubideekin, eta Nafarroako Gobernuko funtzionarioek lortutako eskubideekin". Horrez gain, hauxe adierazi du kontseilariak: "lehen aldiz ezarri du departamentuek benetako plangintza bat behar dutela, eta beraien proposamenak negoziatu behar dituztela sindikatuekin onartu aurretik".
Prozesu parte-hartzailea
Ollo kontseilariak gogoratu du dekretu hau onartzeko prozesua luzea izan dela, eta elkarrizketa eta partaidetza prozesu bat barne hartu duela administrazio-organoetan, hala nola departamentuetan, Tokiko Araubideko Foru Batzordea, Euskararen Nafarroako Kontseilua eta sindikatu-mahaiak. Prozesu horretan guztian administrazio-organo horien ekarpenak barne hartu direla esan du, eta baita herritarrek Gobernu Irekiaren prozesu parte-hartzaileen bidez egindakoak ere.