Albisteak
Nafarroako Gobernuak 189.000 euro eskainiko ditu helduek euskara ikas dezaten
Dirulaguntza horiek 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1era bitartean hasiko diren ikastaroetarako dira
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuaren bidez, 189.055 euro (114.055 euro 2020an eta 75.000 euro 2021ean) bideratuko ditu helduek euskara ikas dezaten 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1era bitartean hasiko diren ikastaroetan. Deialdia gaur NAOn argitaratu dute.
Deialdiak diru-laguntzak eskainiko ditu, barnetegietan ikasteko, ikastaro estentsibo eta trinkoak eta autoikaskuntza zein berariazko ikastaroetarako. Aurrez aurreko talde arruntetan, irakaskuntza astean 4 ordukoa izango da eta, gutxienez, guztira 80 orduko iraupena izango du, barnetegietan ere gutxienez, 80 ordu eskainiko dira ikastaroko eta baliabide telematikoen bidezko irakaskuntzetan, aldiz, 100 ordu ikastaroko. Bestetik, berariazko ikastaroek, aurrez aurrekoak eta 40 eskola-ordu baino gehiagokoak izan behar dute.
Diru-laguntza hauek jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsonek: 16 urte baino gehiago izatea ( Kasu honetan, eskaera gurasoek edota adingabekoaren tutoretza duenak eginen dute); Nafarroan erroldatuta egotea, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; irailaren 14tik abenduaren 1a arte hasiko diren ikastaro batean izena emanda egotea eta horrengatik ordainketaren bat egin izana. Baita onuradun izan nahi duenak, gutxienez eskolen ordu kopuruen %80 hartu duela ere egiaztatu beharko du.
Halaber, diru-laguntza hauetatik kanpo geldituko dira titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak, hala nola Zubiarte eta Hizkuntza Eskolakoak zein Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak euskara-ikastaroetarako berariazko laguntzak baitituzte .
Diru-laguntzen zenbatekoa 2020 eta 2021ean ikastaro mota eta bere ordu kopuruaren arabera hurrengo moduluetan banatzen da: 80-200 orduko iraupena izango duten ikastaro estentsibo eta trinkoak zein barnetegietan izena ematen dutenek 100 euro arteko laguntza jasoko dute; 201-270 ordukoetan daudenek berriz, 175 euro arteko laguntzak izanen dituzte, eta 271-400 orduko eskoletan ikasten ari direnak, 225 euro arte.
Autoikaskuntza ikastaroak nahiago dituztenek, berriz, ordu kopuruen arabera ondorengo laguntzak jasoko dituzte: 100-189 orduko ikaskuntzak, 100 euro arte, eta 190-250 ordukoak, 175 euro arte.
Berariazko ikastaroei dagokienez, 40-100 orduetan ikasten ari direnek, 100 euro arteko diru-laguntza jasoko dute; 101-200 ordukoetan daudenek, 175 euro arte eta 201-400 ordu ikasten dutenek, aldiz, 225 euro arteko laguntzak jasoko dituzte.
Diru-laguntza horiek jaso nahi dituztenek eskaera webguneko inprimaki bat betez egin beharko dute. Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoan.
Bide telematikoa erabiltzen ez bada, eskaera aurkezten ahalko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere. Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.