Albisteak
Nafarroak eta Eusko Ikaskuntzak euskara kulturalki zein bizikidetza balore gisa sustatzeko eta ikertzeko borondatea berretsi dute
Euskarabideak garatutako hitzarmen honi esker, Foru Komunitatean euskararen transmisioaren eta etorkizunaren inguruko gaiak aztertuko dira, demografia berrietan eta kultura arteko bizikidetzan arreta jarriz
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak euskara kulturaki zein bizikidetza balore gisa sustatzeko eta ikertzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute, Iruñeko Nafarroako Jauregian izandako sinadura ekitaldian.
Akordio honek, 60.000 euroko aurrekontuarekin, Eusko Ikaskuntzak Foru Komunitatean euskara aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea du helburu. Hitzarmen-sinadura ekitaldian, halaber, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzaile Javier Arakama izan da.
Nafarroako Foru-Diputazioa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiekin batera, Eusko Ikaskuntzaren sortzailea izan zen 1918. urtean. Orduz geroztik, Nafarroako Gobernuaren eta erakunde honen arteko harremana estua izan da, lurraldeko kulturarekin eta gizartearekin zerikusia duten gaiak aztertzeko eta zabaltzeko.
Gaur sinatutako hitzarmenak Euskarabidearen eta Eusko Ikaskuntzaren arteko aurtengo jarduera-plana finantzatuko du:
“Elkarbizitzarako zubiak eraikitzen Nafarroan” izeneko programaren 2. fasea gauzatzea hain zuzen ere, kultura arteko bizikidetza sustatzea helburu duena. Etorkinek euskararekiko eta Nafarroako nortasun kulturalarekiko dituzten jarrerei eta itxaropenei buruzko informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa bildu ondoren, etorkinen artean euskararekiko eta nafar kulturarekiko ikuspegi irekia sustatzea lortu nahi da, etorkinei ikaskuntzarako eta parte-hartzerako aukerak sortuz eta aniztasunetik abiatutako integrazio eredu bat indartuz.
Horrela, 2025ean, Eusko Ikaskuntzak ikerketa kualitatiboko lehen fase bat garatu zuen, Nafarroara iritsitako pertsonek euskal kultura eta euskara nola bizi dituzten eta gizarte- eta kultura-inklusioko prozesuetan zer oztopo, itxaropen eta aukera dituzten ulertzeko. Honen bitartez lortutako aurkikuntzekin bat etorriz, 2026rako proposamena ikerketaren bigarren fase hau aplikazio-fase gisa planteatu da. Hau da, proiektuak jarraipena ematen dio aldez aurretik egindako lanari, eta lan hori tresna operatibo bihurtzen da politika publikoak eta praktika komunitarioak bideratzeko.
Kulturarteko bizikidetza, parte-hartze kulturala eta euskararekiko harremana
Beraz, helburu nagusia proiektuaren aurreko fasean formulatutako hipotesiak kontrastatzea eta sendotzea da, oinarri enpiriko kuantitatibo eta konparagarri baten bidez. Hala, programak ondoko helburu espezifikoak ditu: atzerritar jatorriko biztanleriari eta tokiko biztanleriari zuzendutako bi inkesta bereizi diseinatzea eta aplikatzea; Kulturarteko bizikidetzari, parte-hartze kulturalari eta euskararekiko harremanari buruzko informazio konparagarria biltzea; emaitzak lurralde-aldagai eta aldagai soziodemografiko garrantzitsuen arabera aztertzea; 2025ean formulatutako hipotesiak baliozkotzea eta zehaztea; eta, azkenik, emaitza-txosten bat egitea, esku-hartze publiko eta komunitariorako ondorioak eta orientabide operatiboak jasoko dituena.
Gogoan izan behar da bi gizatalde zehatz hartzen dituela programak beregan. Alde batetik Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko biztanleria, zentzu zabal eta inklusiboan ulertuta, aintzat hartuta askotariko ibilbideak, jatorriak, hizkuntza-errepertorioak, familia-egoerak, gizarteratze-esperientziak eta Nafarroan denbora gehiago eta gutxiago igaro duten pertsonak. Eta bestetik, Nafarroan bizi den tokiko biztanleria, hau da, harrerako ingurune sozial, kultural eta linguistikoa osatzen duten pertsonen multzoa; pertsona horiekin eraikitzen baitira, harremanen bidez, bizikidetza-, partaidetza- eta pertenentzia-dinamikak.
Inkesta bereizi eta osagarriak
Bi inkesta bereizi baina osagarri diseinatu eta aplikatuko dira, bat biztanle migratuentzat eta bestea tokiko biztanleentzat, eta horiei esker, kulturarteko bizikidetzari, parte-hartze kulturalari, euskararen pertzepzioari, gizartean parte hartzeko oztopoei eta gizarteratzeko baldintzei buruzko informazio konparagarria bildu ahal izango da.
Analisiak ikuspegi territoriala eta intersekzionala izango du, hainbat aldagai kontuan hartuta, hala nola, generoa, jatorriko herrialdea, Nafarroan igarotako denbora, jatorria eta euskararekiko eta euskal kulturarekiko harremana. Parte-hartze kulturalaren, bizikidetzaren eta euskararekiko harremanaren gaineko pertzepzioei, oztopoei, itxaropenei eta aukerei buruzko diagnostiko sendoagoa lortzea espero da, bai eta eredu komunak eta desberdintasun esanguratsuak identifikatzea ere, lurraldealdagaien eta aldagai soziodemografikoen arabera. Emaitzak baliagarriak izango dira aurreko fasean planteatutako hipotesiak baliozkotzeko, zehazteko edo birformulatzeko, eta transferentziara bideratutako behin betiko emaitza-txosten batean jasoko dira, Nafarroako Gobernuarentzat, tokiko administrazioentzat eta eragile sozial eta komunitarioentzat baliagarriak izango diren ondorio eta orientabide batzuekin batera.


