Albisteak

Mikel Arregik Euskarabideko zuzendariak 2022an EuskarAbentura espedizioan parte hartzen ari diren 128 gazteei harrera egin die Auritzen

2022-07-05

Ibilaldi honi esker, gazteen artean, euskararen erabilera indartzeko 700 kilometrotik gora eginen dituzte

Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik 2022ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzen duten 16 eta 17 urte bitarteko gazteei harrera egin die gaur arratsaldean Auritzen. Gazteak 30 helduk lagunduta ari dira espedizioa gauzatzen.

Espedizioko protagonistek Donejakue bideak jarraituz, 700 kilometrotik gora egingo dituzte, Mauletik Getxora. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi, Santimamiñeko leizeak, Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Gaurtik hasita eta uztailaren 19ra arte Nafarroako leku ezberdinak ezagutuko dituzte.

Nafarroako Gobernuak EuskarAbentura  diruz laguntzen du espedizioaren helburuekin bat datorrelako: Gazte euskaldunen artean euskararen erabilera sustatzea; hauen artean sare bat sortzea eta elikatzea; baita natura ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea ere.

Berritasun gisa, 2022ko ibilbideak, Duzunaritzen (Zuberoa); Amaiurren, Lesakan eta Zugarramurdin (Nafarroa); eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia) aurreikusi du geldialdi bana.

“EuskarAbenturak esperientzia ugari emanen dizkizue eta taldean biziko zareten egunotan balio handiak landuko dituzue, esaterako: bizikidetza, ingurumenaren aldeko errespetua edo turismo eredu jasangarria bezalako balioak; balio horiek guztiak euskara elkarbizitzarako ardatz gisa hartuta”, halaxe adierazi die Mikel Arregik, espedizioko protagonistei egindako harreran.

Bukatzeko, Nafarroan ibiliko diren egunetan bizipen “atsegina eta gogobetegarria” izatea opa izan die eta gaineratu du, “aprobetxatu hasitako bidea ikasteko, gozatzeko, lagunak egiteko eta bizitakoa partekatzeko”.

EuskarAbentura diruz laguntzeko 15.000 euro

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, ekintza hau diruz lagundu du 15.000 eurorekin izan ere Foru Exekutiboaren funtzioetako bat da euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko programak gauzatzea, zein helburu bera duten entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora