Albisteak

Laugarren Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da

2023-12-14

Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi delako ariketa eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela

Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa udaberrira; izan ere, Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak horretan laguntzen duela azpimarratu dute.

Laugarren edizioa, hortaz, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, udaberrian, eta 11 egunetan zehar eginen da, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duelako, sakonago egiteko aukera emanez. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango duela nabarmendu dute.

Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bidean, ikerketako datuak eta jarraibideak kontutan hartu badira ere, gizarteko hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu Euskaraldiko lantaldeak.

Erakunde antolatzaileek adierazi dutenez, gainera, euskararen biziberritze-prozesu hau erreferentzia garrantzitsua da munduko beste hainbat hizkuntza-komunitaterentzat. Hain zuzen ere, Euskaraldia ere baliagarria da nazioarteko harremanetarako eta euskal esperientziaren berri munduan zehar zabaltzeko.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora