Albisteak

Jaso ikastolaren Sutan musikala heldu den ostiralean estreinatuko da

2022-05-03

Hamargarren musikalean Jaso Ikastolako ikasleek feminismoa eta lan-berdintasuna jorratuko dituzte

Jaso Ikastolako ikasleek Sutan musikala estreinatuko dute ostiral honetan, maiatzaren 6an, Barañaingo Auditorioan. Ikuskizun honek Jaso Ikastolak lantzen duen hezkuntza ereduan du iturria eta, hain zuzen ere, sormena, ekintzailetza, lan kooperatiboa eta autogestioa ardatz dituen hezkuntza-programa baten emaitza da, Steam metodologian (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) oinarritutakoa. Ikuskizuna ikasleek ikastaro osoan zehar prestatutako lanaren ondorioa da.

Jaso Ikastolaren musikalaren edizio bakoitza gai sozial baten testuinguru zehatz batean kokatzen da, ikasleek beraiek aldez aurretik eztabaidatu eta aukeratutakoa. Ikuskizun berriak feminismoa eta genero berdintasuna lan-eremuan lantzen ditu. Izan ere, aurtengo musikalaren istorioa XX. mendearen hasieran New Yorkeko lantegi bateko atorgileek eginiko greban oinarritzen baita, eta ondoren izandako sutean hain zuzen ere (urtero martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunak gertaera honetan du jatorria). Aurten musikalaren emanaldiak Iruñeko Gazte Orkestraren kolaborazio berezia izango du lehen aldiz.

Jaso Ikastolako DBHko berrogeita hamar ikasle inguruk (12 eta 16 urte adinekoak) parte hartzen dute berezko sormen proiektu honetan. Ikastolako  irakasle eta gurasoen borondatezko-lanaren laguntzarekin egin da ikuskizuna, eta zuzendari lanetan Imanol Janices (Gorputz Heziketako irakaslea) eta Irantzu Zabaltza (Lehen Hezkuntzako tutorea) aritu dira. Musikalarekin gaitasun hezkuntza, sormena, garapen emozionala, bizikidetza eta euskararen erabilera bezalako baloreak sustatu nahi dira, arte eszenikoekin berariaz lotutako gaitasunez gain.

Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuak Jaso Fundazioarekin duen hitzarmena berritu egin du aurten, musikaren bidez, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko gizarte-bizitzaren eremuetan, kultur jardueraren eta eskaintzaren programazioaren eta sustapenaren bidez. Euskarabidearekin sinatutako hitzarmen honek Sutan musikalaren proiektua uztailean Islandiako Reykjavik hiriburuan egingo den hezkuntza eta antzerkiari buruzko bederatzigarren kongresuan aurkeztea ere jasotzen du.

 

 

 

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora