Albisteak
Iruñerriko IV. Mintzodromoa, apirilaren 9an Baluarten
Iñaki Perurenak, Albina Stardustek eta Amets Aznarezek parte hartuko dute Euskarabideak eta Iruñerriko euskaltegi guztiek, Taupa Mugimenduarekin batera, antolatutako ekitaldian
Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Iruñerrian dauden euskaltegiekin zein Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin batera datorren apirilaren 9an ospatuko den Iruñerriko IV. Mintzodromoa aurkeztu berri du. Bertan, kirol- eta kultur-mundutik datozen gonbidatuak parte hartuko dute, besteak beste Iñaki Perurenak, Albina Stardustek eta Amets Aznarezek.
Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak, eta AEK-ko Marta Molinero ekimen sozialeko euskaltegien (artean AEK eta IKA), eta arlo publikoko Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Zubiarte Euskaltegiaren izenean, Iruñeko Baluarteko Luneta aretoan izango den ekitaldi-aurkezpenean parte hartu dute gaur goizean.
‘Mintzodromoa’ euskara praktikatzeko hitzordu berezia da. Euskara ikasten ari diren pertsonentzako propio mimoz diseinaturiko topaketa da, hain zuzen ere. Eta helburu bikoitza du hitzorduak: alde batetik, euskaraz hitz egitea, eta bestetik euskaraz gehiago hitz egiteko aukerak ugaritzeko, parte-hartzaileen harreman-sarea handitzea.
Nola parte hartu
Esan bezala, datorren apirilaren 9an, asteazkena, 18:30ean Baluartek hartuko duen ekitaldi honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, eskaera-formulario baten bidez. Horretarako, Iruñeko IV. Mintzodromoaren karteletako QR kodea telefono mugikorraren bidez irekitzen da formularioa. Izen-ematea doakoa da, eta gaurtik, martxoaren 12tik, aurrera irekita egonen da.
Hona hemen formularioa:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeSAa-npk4Pov09zbuOLSMsWLpwFaJBUAie8XfMQcQ261SpMw/viewform
Aurten, 160 lagunendako tokia dago Luneta aretoan, eta akustika egoki-egokia du elkarrizketari erabat eta eroso lotzeko. Parte hartzaileak talde txikitan bilduko dira, launaka, mahai baten bueltan. Hainbat gairi buruz hitz egin beharko dute 15 minutuz, eta denbora hori akituta, beste talde batera mugituko dira ariketa bera errepikatzeko, baina mintzakide ezberdinak izanen dituzte aurrez aurre.
Horrela, euskaraz mintzatzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, herritar batzuek sarritan ingurune hurbilean ez dute euskara praktikatzeko pertsonarik, eta ‘Mintzodromoa’ aukera ezin hobea da euskara gehiago praktikatzea ahalbidetuko dien jendea ezagutzeko.
Aurreko ekitaldietako parte hartzaileetako asko euskaltegi batean ikasten ari ziren, baina horietan ikasten aritzea ez da parte hartzeko ezinbestekoa. Edonork parte hartu dezake, baldin eta, gutxienez, B1 maila badu.
Hiru izanen dira hizketagaiak, eta horiek mahai bakoitzeko mahai-zapietan jasoko dira, hiztunek begi-bistan edukitzeko. Era berean, azpi galdera batzuk ere prestatu dira elkarrizketetan laguntzeko.
Dromo hitz grekoak lasterketarako tokiari buruz hitz egiten du, abiadurari buruz. Eta ildo horretan ere antolatzen da ‘Mintzodromoa’. “Azeleragailua zapaltzeko eguna da, ezagutzatik erabilerara pasatzeko eguna. Igarobide bat ere badelako dromo bat”, adierazi du Arakamak.
Bestetik, Marta Molineroren hitzetan, “hizkuntza bat ikastean, erabilerarako jauziak garrantzia handia du. Ezagutza handitu ahala, hizkuntza hori erabiltzeko aukerak ere ugaritzen baitira. Eta erabilerak ezagutzari laguntzen dio. Elkarri elikatzen diote. Eta topaketa hau oso lagungarria izaten da lotsari eta beldurrari aurre egiteko eta mingainak askatzeko”. Horregatik, leloak dio: “tar-tarrean goxo-goxo”.
Elkarlanaren isla
‘Mintzodromoa’ erakunde zein entitate ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza da, ekitaldia Iruñerriko euskaltegi guztiekin batera antolatzen baita. Izan ere, Euskarabidearen eskumenen artean programak prestatzea badago euskara bizitza sozialeko esparruetan ager eta erabil dadin, eta lankidetzan aritzea helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin.
Ekitaldi hauen antolatzaileen artean, ekimen sozialeko euskaltegiak daude, artean AEK eta IKA, eta eremu publikoko Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Zubiarte Euskaltegia artean. Era berean, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak ere antolatzaile lanetan parte hartu du, beraiek baitira Iruñerriko udal eta toki-entitateekin ‘Mintzakide’ programa sortu zutenak.
Aurtengoa laugarren edizioa da eta Euskarabidearentzat, lehena, antolatzaile gisa. Izan ere, helduen euskalduntzea osatzeko beharrezko jotzen du euskara beraren erabilera sustatzea, baita ikaskuntza zein hizkuntza sustapen sektore horretan diharduten entitate zein erakunde guztien arteko lankidetza estutzea ere.
Orain arteko hiru edizioetan 450 lagunetik gora aritu dira, eta urtero balorazioa oso positiboa izan da. “Euskaraz giro alaian, politan, jarduteko aukera ederra da”, gaineratu du Arakamak.
Gainera, gonbidatu bereziak izaten dira, eta sariak zozkatzen dira. “Gonbidatu bereziak kirol- eta kultur-mundutik datoz gehienetan, eta aurten, adibidez, Iñaki Perurenak, Albina Stardustek eta Amets Aznarezek parte hartuko dute”, zehaztu egin du Molinerok amaitzeko.