Albisteak

Helduek euskara ikasteko 300.000 euroko laguntzak deitu ditu Nafarroako Gobernuak

2022-06-06

Barnetegietan, ikastaro estentsibo eta trinkoetan, autoikaskuntzan eta ikastaro espezifikoetan ikaskuntza laguntzen da

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea- Euskararen Nafarroako Institutuaren bidez, 300.000 euro bideratuko  ditu helduek euskara ikas dezaten; deialdia berriki NAOn argitaratu da.

Dirulaguntza horiek bi modalitatetan banatuko dira:

A modalitatea: 2021eko urriaren 26tik aurrera egindako matrikuletarako, ikastaroek 2022ko irailaren 30erako bukatuta behar dute. Horietarako 40.000 euro bideratuko dira. A modalitatean eskaerak egiteko epea maiatzaren 26an zabaldu zen, eta abuztuaren 31n amaituko da.

B modalitatea: 2022ko abuztuaren 29etik abenduaren 1era bitartean hasiko diren ikastaroetarako, ikastaroek 2023ko ekainaren 30erako  bukatuta behar dute. Beste hauetarako, berriz, 260.000 euro bideratuko dira. B modalitateko eskaerak egiteko epea, berriz, urriaren 1ean hasiko da eta azaroaren 30ean amaitu.

Deialdiak dirulaguntzak eskainiko ditu, barnetegietan ikasteko, ikastaro estentsibo eta trinkoak eta autoikaskuntza zein berariazko ikastaroetarako. Aurrez aurreko talde arruntetan eta barnetegietan, gutxienez, ikastaroek 40 orduko iraupena izanen dute; baliabide telematikoen bidezko irakaskuntzetan, aldiz, 100 ordu ikastaroko. Azkenik, berariazko ikastaroek 40 eskola-ordu baino gehiagokoak izan behar dute.

Dirulaguntza hauek jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsonek: 16 urte baino gehiago izatea (kasu honetan, eskaera gurasoek edota adingabekoaren tutoretza duenak eginen dute); Nafarroan erroldatuta egotea, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; euskarazko ikastaro batean izena emanda egotea eta horrengatik ordainketaren bat egin izana. Baita onuradun izan nahi duenak, gutxienez eskolen ordu kopuruen %80 hartu duela ere egiaztatu beharko du.

Halaber, dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak, hala nola Zubiarte eta Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak zein Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara-ikastaroetarako berariazko laguntzak baitituzte.

Dirulaguntzen zenbatekoa ikastaro mota eta bere ordu kopuruaren arabera hurrengo moduluetan banatzen da:

40-79 orduko iraupena izango duten ikastaro estentsibo eta trinkoak zein barnetegietan izena ematen dutenek 90 euro jasoko dute ; 80 eta 200 ordukoetan daudenek 180 euro arteko laguntza jasoko dute; 201-270 ordukoetan daudenek, berriz, 280 euro arteko laguntzak izanen dituzte, eta 271-400 orduko eskoletan ikasten ari direnak, 380 euro arte.

Autoikaskuntza ikastaroak nahiago dituztenek, berriz, ordu kopuruen arabera ondorengo laguntzak jasoko dituzte: 100-189 orduko ikaskuntzak, 180 euro arte, eta 190-250 ordukoak, 280 euro arte.

Berariazko ikastaroei dagokienez, 40-100 orduetan ikasten ari  direnek, 180 euro arteko diru-laguntza jasoko dute; 101-200 ordukoetan daudenek, 280 euro arte eta 201-400 ordu ikasten dutenek, aldiz, 380 euro arteko laguntzak jasoko dituzte.

Dirulaguntza horiek jaso nahi dituztenek eskaera webguneko inprimaki bat betez egin beharko dute. Eskabide telematiko hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoan. Gainera, matrikula agiria eta ordainagiriak ere erantsi beharko dituzte.

Bide telematikoa erabiltzen ez bada, eskaera aurkezten ahalko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere. Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora