Albisteak
Helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela nabarmendu du Ollo lehendakariordeak
Euskara irakasteko 2024-2025 ikastaroaren irekieran, Abel Camacho Romerok online ikastaroetarako eredu didaktiko konplexuei buruzko hitzaldi bat eskaini du
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko, 2024-2025 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian, gaur eguerdian Iruñean egin dena. Ekitaldi horretan, lehendakariordearekin batera egon dira Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Abel Camacho Romero, filologo eta prestakuntza aditua. Azken honek online ikastaroetarako eredu didaktiko konplexuei buruzko hitzaldia eman du.
Bere hitzaldian, Ollo lehendakariordeak bi alderdi nabarmendu ditu: alde batetik, Foru Gobernuak azken urteotan “helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiteko” hartu duen konpromisoa, horretarako politika publikoko baliabideak bideratzen dituela Euskarabidearen bidez zabaltzen diren laguntza deialdietan; eta, bestetik, euskaltegiek egindako lan eta ahalegin handiak. Denen arteko ahalegin horri esker, 5.500 helduk baino gehiagok jasotzen dute prestakuntza urtero Nafarroan.
Hala, Ollok euskaltegien lana nabarmendu eta aintzatetsi du, “euskara inoiz ikasi ez duten helduak edo noizbait zerbait ikasi dutenak, baina erabiltzen ez dutenak, euskarara hurbiltzea” lortu baitute. Era berean, euskaltegiek beren prestakuntza jarduerak publiko mota guztiei egokitzeko egiten duten ahalegin handia nabarmendu nahi izan du.
Nafarroako helduen artean euskara sustatzeari dagokionez, azpimarratu behar da irailean zehar kanpaina zabal bat egin dela, “Euskera ahora” lelopean, 35 toki entitate eta eremu horretako eragile garrantzitsurekin lankidetzan, hala nola Zubiarte euskaltegi publikoarekin, Hizkuntza Eskola Ofizialarekin, AEK eta IKAren gizarte ekimeneko euskaltegiekin eta Bai&by euskaltegiarekin. Ollo lehendakariordeak eskerrak eman dizkie “gizarte nafarraren euskalduntzean aurrera egitea” ahalbidetzen duten eragile guztiei.
Laguntzen deialdiaren epeak aurki zabalik
Era berean, Nafarroako herritarrei euskara ikasteko erraztasunak ematen jarraitzeko asmoz, hura ezagutzeko eskubidea aitortzearekin bat, Ollo lehendakariordeak gogorarazi nahi izan du Foru Gobernuak, Euskarabidearen bidez, bi deialditan laguntza eskatzeko epeak aurki zabalduko direla: ikasleei bideratutako norbanakoen laguntzen deialdia, eta helduei euskara irakasten dieten euskaltegiak eta gau eskolak sustatzen dituzten erakundeei laguntzeko deialdia.
Hala, ikasleek euskara ikasteko, ikastaro trinkoak, barnetegia eta autoikaskuntzako ikastaroetan, banakako dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren lehenean zabalduko da eta abenduaren 2an amaituko. Ikasturte honetan, 10.000 euro gehiago baimendu dira laguntza horietarako, 360.000 euroetara iritsiz. Deialdi honetan, 400 euro arteko laguntzak jasotzen ahal dira.
Datorren ikasturtean, Nafarroako Gobernuak handituko ditu helduentzako banakako laguntzetara bideratutako funtsak. ikasleek jasotzen dituzten diru-laguntzak % 20 handituko dira. Horren ondorioz, ikastaroetan matrikulatzen diren pertsonek 475 € arteko dirulaguntzak jaso ahal izanen dituzte. Gainera, diru-laguntza hauek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin.
Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren lehenean zabalduko da, eta abenduaren 2an amaituko.
Interesa duten ikasleei informazioa emateko ondoko webgunea gaitu da: www.euskaraikasi.nafarroa.eus / www.aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko ikastegi publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa, bai eta ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herrien zerrenda ere agertzen da. Halaber, Elaide.eus webguneak euskara ikasteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. Bestetik, irailean, 948 012 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzari eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 18:00etara.
Amaitzeko, gogorarazi behar da helduei euskara irakasten dieten euskaltegiak sustatzen dituzten erakundeek laguntzen deialdian eskaera egiteko epea datorren urriaren lehenean irekiko duela, urriaren 31 arte. 2024-2025 ikasturtean 2.700.000 euroko aurrekontua izanda, prestakuntza hori lau irakaskuntza modalitatetan finantzatzen da: aurrez aurreko taldeak; udako barnetegiak eta trinkoak; ikastaro telematikoak eta irakaskuntza espezifikoak eta eskariari egokitutakoak.