Albisteak
Gora Gora Fest 2023 jaialdiak 2.000 ikusle baino gehiago izan ditu azken edizioa ospatu zen 50 herri baino gehiagotan
Publikoak oso positiboki baloratu du Euskarabidearen programa eta % 15 hazi da 2022ko ediziotik. Programatutako jarduera guztiak euskaraz eta erabat doan izan dira
Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko Gora Gora Fest programak, 2023ko azaroaren 3tik abenduaren 10era bitartean ospatutakoak eta Euskarabideak/Euskararen Nafar Institutuak hirugarren urtez jarraian antolatutakoak, 2.000 pertsona baino gehiago bildu ditu Nafarroako berrogeita hamar bat herritan, non euskarazko eta erabat doako kultur ikuskizunez gozatzeko aukera izan zen. Ikuskizunak Nafarroako lurralde osoan zehar egin ziren, bereziki horrelako jarduerak gutxien programatzen diren herrietan.
Aurten, bi inkesta egin dira bertaratutakoen eta parte hartu duten artisten gogobetetze-maila ezagutzeko, eta oso positibotzat jo dute programa.
2023ko azken edizio honetan, 2.086 pertsonak parte hartu dute Gora Gora Festen jardueretan, 2022an baino ia % 15 gehiagok. Nabarmentzekoa da Tuteran (60 pertsona) eta Zangozan (41) jende gehiago bildu zela, eta harrera bikaina izan zela Vianan (180 pertsona) eta Garraldan (120).
Ikuskizunen gaiak askotarikoak izan dira, haurrei, gazteei eta familiei zuzenduta egon dira, eta izaera sozial nabarmena izan dute. Era berean, hainbat gai jorratu dira, hala nola haurtzaroko sexu-abusuen prebentzioa, nerabezaroko sexu-aniztasuna, birziklatzea edo ingurumen-iraunkortasuna. Gai horiek, gogobetetze-inkestan, % 98ko puntuazio positiboarekin baloratu ziren.
Publikoaren balorazioa
Emanaldi bakoitzaren ondoren, bertaratutakoek gogobetetze-inkesta bat jaso zuten. Inkesta horretan, euskara-mailaren egokitasunaz, gaiaren komenigarritasunaz edo emanaldiak bere aurreikuspenak bete ote zituen galdetzen zitzaion. Aurten ere, Gora Gora Fest programaren balorazioa oso positiboa izan da. Familien inplikazioa funtsezkoa izan da, eta nerabeen parte-hartzea aipagarria izan da. Hori dela eta, hurrengo edizioetan programa honetan sakondu nahi da.
Eskaintza kultural horrekin, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, Nafarroako geografia osora eramaten du euskararen balio soziala, harremanetako, aisialdiko eta gizarte-kohesioko elementu gisa.