Albisteak

Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza berritu dute Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoa aztertzeko

2021-05-13

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak  eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute gaur goizean

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak sinatu dute bi erakundeen arteko 2021erako lankidetza-hitzarmenaren berritzea. Hitzarmen hori 55.000 eurorekin hornitua dago, eta aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan proiektuaren hirugarren faseari argi berdea ematen dio: “elkarbizitza” faseari, hain zuzen ere.

2019an hasi zen lan-programa hori, parte-hartzailea, deliberatzailea eta espezialistentzat, gizarte-eragileentzat eta herritarrentzat irekia. Eta bi ardatz nagusi ditu: bizikidetza aniztasunean, eta haren kudeaketa demokratikoa, adostutako gutxieneko batzuk bilatuz.

Aurreko faseetan lortutako emaitzetatik abiatuta, 2021ean aztertuko dira euskararen kudeaketak eta identitate nazionalek Nafarroako bizikidetzan distortsioak sortzeko arrazoiak, eta nola konpon daitezkeen demokratikoki, bai gizartetik, bai erakundeetatik.

Lan hori egiteko, profil askotako adituen iritzia jasoko da adinari, generoari, esparru akademiko eta profesionalei eta ideologiari dagokienez, eta haiekin batera aztertuko dira jarraitutako lan-prozesua, haren gako nagusiak eta funtsezko beste edozein alderdi.

Halaber, gizarte demokratiko batek bere desadostasunak eta gatazkak bideratzeko behar dituen tresnei buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatuko dira, eta ondorioak txosten batean jasoko.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea, bi erakundeetako ordezkariez osatua, urtean bitan bilduko da gutxienez.

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana

Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak elkarren arteko lankidetzari eusten diote. Duela hiru urte ekin zioten elkarlan horri, eta, horri esker, azken erakunde horrek Nafarroako kultura eta gizartearekin zerikusia duten gaiak aztertzen eta zabaltzen jarraitu ahal izanen du, gizarte-eredu hobea lortze aldera.

Nafarroako Foru Diputazioa Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, komunitate horietan kulturaren adierazpen guztiak aztertu eta zabaltzeko.

Geroztik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etenik gabekoa izan zen 2011ra arte. Eta 2016an, berriz atzera, ekin zitzaion bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenari.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora