Albisteak
Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa, herritarren ekarpenei irekia
Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak bultzatuta, azaroaren 11 arte egongo da zabalik
Gobernu Irekiaren Atarian dago Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa 2020-2027 jendaurreko erakustaldian. Joan den urriaren 8an Euskararen Nafar Kontseiluan aurkeztu zitzaion, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi buru zirela.
Dokumentua jendaurreko erakustaldian jarri da Gobernu Irekiaren Atarian datorren azaroaren 11 arte. Gizartearen parte hartzeko aldian jasotako ekarpenak aztertzean, behin-behineko idazketa osatuko da eta Euskararen Nafar Kontseiluan berriro aurkeztuko da, iritzia eman dezan. Nafarroako Gobernuak Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) urtea amaitu aurretik onartzea aurreikusten da.
Dokumentuaren ildo estrategikoek aurreko legealdian onartutako lehenengo planean zehaztu zirenei jarraipena ematen diete, baina oraingo honetan dimentsio nabarmenagoa eman zaio adostasun sozialari eta hizkuntzaren balorazioari.
Alde batetik, euskararen erabilera soziala hainbat esparrutan sustatzea proposatzen da, hala nola, aisialdian, kirolean, komunikabideetan, kultura arloan, sare sozialetan, teknologia berrietan edo arlo sozioekonomikoan, besteak beste. Bestetik, baliabideak ematea herritar nafar guztiek euskara ikasteko aukera berdinak izan ditzaten, eta helduen euskararen irakaskuntza errazagoa izan dadin. Era berean, administrazio publikoen gaikuntza hobetu nahi da, horietara hizkuntza honetan zuzentzen diren herritarrei zerbitzua euskaraz emateko eta erabilera eskaintza handitzeko. Laburbilduz, helburua euskara balio positiboekin lotzea da, gizarte kohesiorako elementu bezala, askotariko gizarte batean.
Helburu horiek lortzeko, elkar elikatzen diren sei ardatz definitu dira: gizarte erabilera, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, adostasun soziala, prestigioa eta erakargarritasuna, euskara ekonomia eragile eta hizkuntza esparrua.
Guztira sei helburu orokor proposatu dira (ardatz bakoitzeko bat), 42 helburu espezifiko eta 201 proiektu, eta hauen jarraipen eta ebaluazio egokia egiteko, 30 adierazle definitu dira.