Albisteak

Euskaraldia Nafarroan aurrera eramateko lankidetza berritu dute Gobernuak eta Topaguneak

2020-07-03

Aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ekimenak euskararen erabilera bultzatzea du helburu nagusi

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur goizean, Nafarroan 2020an Euskaraldia garatzeko, “Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan' lelopean.

Aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ekimenaren helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea eta euskal hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzea. Aurtengo berrikuntza nagusia da hizkuntza horretan aritzeko guneak sortzea eta sustatzea.

Euskaraldia gizarte-eragileen eta erakundeen arteko lankidetzatik sortutako ekimena da. Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaleen Topagunea ez ezik, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa eta Eusko Jaurlaritza dira ere ekimenaren parte, hau bultzatzen ari diren ehunka eragile sozial, erakunde eta entitate pribaturekin batera.

Nafarroako Euskaraldiaren lehen edizioan 22.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena eta hamarnaka sustatzaile izan ziren. Aurtengo edizioan, milaka ahobiziren eta belarripresten parte-hartzearekin garatuko den ekitaldi sozialari, euskaraz hitz egiteko gune babestuak sortzeko ariketa kolektiboa gehitu zaio.

Bere hitzaldian, Ollo kontseilariak nabarmendu duenez, “inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen inguruan lan egiten duten erakundeen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza eta lan bateratuan sakontzea, Nafarroako berezko hizkuntzetako bat sustatzen jarraitzeko".

Gainera, Ollok azpimarratu duenez, “azken datuek bide horretan lanean jarraitzera bultzatzen gaituzte. Datu horien arabera, Nafarroako biztanle euskaldunak ia 7.000 pertsona gehiago dira, 75.000tik gora. Hala ere, NASTATek egindako inkesta horrek berak adierazten digu erabilerak geldialdia izan duela 2016 eta 2018 artean, eta, beraz, horrelako ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira”.

Amaitzeko, kontseilariak “krisi honetan, tokatu zaigun eta bizitzea tokatzen zaigun honetan, gizarte-erakundeek eta toki-erakundeek egin duten ahalegina” aipatu du. “Tokiko batzordeek gogor lan egin dute eta lan egiten jarraitzen dute; udalerriek eta erakundeek ekimenarekin bat egiten jarraitzen dute, eta aurreko edizioan izena eman zuten eskualdeen kopurua berdindu egin dugu.”

Oskar Zapatak, bere hitzaldian, aurtengo edizioaren berritasuna Ariguneak direla nabarmendu du: "gurekin edo beraien artean lantokian euskaraz komunikatu nahi duten pertsona guztiek erabil ditzaketen espazioak Arigune gisa identifikatuko dira, eta bertara hurbiltzen direnek jakingo dute ahobizi edo belarriprest gisa jardun dezaketela eskaintzen zaien espazio horretan".

Bigarren edizioko nobedadea: ariguneak

Aurtengo berrikuntza nagusia mota guztietako erakundeak ekimenarekin bat egitea izango da, ariguneak izenarekin euskara erabiltzeko guneak sortu eta identifikatzeko. Gune horiek uneoro bermatzen dute euskaraz hitz egiteko aukera, bai erakundearen barruan, bai herritarrekiko harremanetan. Talde horietako kideak ahobizi eta belarriprest bezala arituko dira Euskaraldiaren 15 egunetan, baina ariketa taldeka egingo dute jarduera guneetan.

Prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak dei egin diete Nafarroa osoko elkarte, enpresa, saltoki, erakunde eta beste entitate batzuei ariguneak aztertu, sortu eta zabaltzeko.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, dagoeneko sektore, tamaina eta ezaugarri ezberdinetako dozenaka erakundek bat egin dute ekimenarekin.

Izena emateko eta Ariguneak sortzeko epea irailaren 27ra arte egongo da zabalik.

Ahobizi eta belarriprest

Bestalde, 2020ko iraila eta azaroa bitartean, Euskaraldiak proposatzen dituen belarriprest eta ahobizi rolen izen-ematea egingo da.

Ahobizi bezala izena ematen dutenek, ulertzen duten guztiekin hitz egiten dute euskaraz, eta ulertzen duten ez dakitenean, beti zuzentzen dituzte lehen hitzak euskaraz.

Bestalde, belarriprestek erabakitzen dute noiz eta norekin hitz egin euskaraz, beren gaitasunen eta aukeren arabera. Ez dute beti euskaraz hitz egiten ulertzen duten guztiekin, baina euskaraz dakitenei uneoro euskaraz hitz egitea eskatzen diete.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora