Albisteak
Euskarabideak pazienteei arreta elebiduna eskaintzeko hirugarren gida argitaratu du
Zeladore-lanak egiten dituzten profesionalei zuzendutako argitalpena da, eta ohiko esaldiak eta osasun-hiztegia biltzen ditu
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Euskarabidearekin/Euskararen Nafar Institutuarekin lankidetzan, eta bere Hizkuntza Planaren esparruan, zeladore-lanak egiten dituzten langileei orientazio-gida bat eman die, Nafarroako herritarrei euskaraz zein gaztelaniaz ematen zaien arreta hobetzeko.
"Zeladoreak euskaraz/Celadores en euskera" izenburupean, gidan pazienteen, senideen eta osasun-langileen artean zentroetan gertatzen diren ohiko elkarreraginak jasotzen dira, hala nola ospitaleratu aurreko elkarrizketak, ospitaleratzean edo pazienteak mugitzerakoan. Medikuntza- eta osasun-kontzeptuen hiztegi terminologiko oso bat ere badu. Gehienak euskarazko oinarrizko esamoldeak eta hiztegiak dira, eta, beraz, ez da beharrezkoa aldez aurretik hizkuntza hori jakitea erabili ahal izateko.
Gaur egun, euskaraz jakinda ere, askotan gaztelaniaz artatzen da paziente euskalduna. Osasun-hiztegia ez ezagutzea, ohiko elkarrizketak egiterakoan segurtasunik ez izatea, erratzeko beldurra, ohiturarik eza edo lotsa egon daitezke. Horregatik, eskuliburu honek kalitatezko arreta euskaraz ere eskaini nahi duten langileei laguntzeko tresna izan nahi du.
"Zeladoreak euskaraz" Nafarroako Gobernuak Osasun Departamentuaren Hizkuntza Planaren barruan argitaratutako hirugarren gida da. Lehenengoa lehen mailako arretako profesionalentzat zen, eta bigarrena erizainentzako hiztegian zentratu zen. Zeladoreentzako azken gida horrek, gainera, mugikorrerako bertsioa ere badu, erabilera errazteko.