Albisteak
Euskarabideak Jaso Fundazioarekin hitzarmena berritu du
Hitzarmenaren barnean “Sutan Musikala” antzeztea eta proiektua nazioarteko foro batean aurkeztea dago
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, lankidetza-hitzarmena sinatu du Jaso Fundazioarekin, hirugarren urtez, euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko. Hitzarmenak, zehazki, Sutan Musikala eta horri lotutako hezkuntza eta arte arloko jarduera batzuk programatzea eta sustatzea jasoko du lagungarri.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Eduardo Martínez Jaso Fundazioko presidenteak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak 15.000 euroko ekarpen ekonomikoa du, eta, horren bidez, aurten Jaso Fundazioak lan eginen du sortu duen Sutan Musikala eta horri lotutako hezkuntza eta arte arloko beste jarduera batzuk programatzeko eta sustatzeko, Nafarroan zein Nafarroatik kanpo. Horien artean, heldu den uztailean, Reykjaviken (Islandian) izanen den Hezkuntza eta Antzerki Munduko IX. Biltzarrean “Sutan Musikala” proiektua aurkeztea dago.
Nafarroako herritarrentzako euskarazko eskaintza kulturala handitzeko helburua, kontseilariak gogorarazi duenez, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan sartzen da. “Sutan Musikala proposamen berritzailea da eta STEAM lan-metodologian oinarrituta dago (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikako ingelesezko akronimoak), Europa osoan arrakasta handia duena. Gainera, gaurkotasun handiko gai bat landu dute: emakumeen eta gizonen arteko lan-baldintza eta -aukeretan dauden desberdintasunak”.
Sutan Musikala
Jaso Fundazioaren proposamena Jaso Ikastolako komunitatetik sortu da eta Nafarroako gizarte osoari zabaldu nahi zaio. Proposamen berritzailea da lan-metodologiari dagokionez, eta honen helburu da 12 eta 16 urte bitarteko gazteak eta haien familiak Nafarroako eszenatoki onenetan euskarazko antzerki musikala prestatu, garatu eta antzeztu ahal izatea du. Horrela, parte-hartzaileak arte eszenikoetan sentsibilizatu eta hurbiltzea lortzen da, etorkizuneko kontsumitzaileak eta balizko euskarazko arte-sortzaileak sortuz Nafarroan. Horretarako, aurten, gaurkotasun handiko gai soziala aukeratu da; zehazki: emakumeen eta gizonen arteko lan-baldintza eta aukerak.
Gainera, proposamenaren ardatz nagusia bere lan-metodologia da. Proiektuaren zuzendariek gidatuta, musikalean parte hartzen duten 50 pertsonek proiektua osorik garatzeaz gain, sektoreko eta beste sektore batzuetako profesionalekin prestakuntza jasotzen dute, eta, arte eszenikoetan espezifikoak ez badira ere, proiektuaren garapenean hona jarduerak ere sartzen dira. Etengabeko prestakuntza gidoiaren, koreografien, abestien, eszenografiaren eta jantzien garapenaren eskutik doa, eta ikuspegi praktikoa dute musikalaren garapenari begira, atal horiek guztiak parte hartzen duten gazteek sortzen baitituzte oso-osorik. Metodologia horri STEAM deitzen zaio, izan ere, gai horiei guztiei buruzko ezagutzak erabiltzen ditu proiektua garatzeko, gauzatutako prozesuetan berrikuntza teknologikoa bilatuz. Gainera, literatura (gidoia sortzea) eta gorputz hezkuntza (akrobazia eta dantza) gehitu zaizkie.
Parte-hartzaileen familiek ere jasotzen dituzte prestakuntzak. Batez ere eszenografiari dagokionez, beraiek dira eszenografia muntatzeko eta desmuntatzeko arduradunak, seme-alabekin batera.