Albisteak

Euskarabideak haurrei zuzendutako Mattin eta Kattalin webgunerako bideo berriak sortu ditu

2022-02-28

Euskarabideak Mattin eta Kattalin webgunerako zazpi bideo berri igo ditu

Euskarabideak Mattin eta Kattalin ikus-entzunezko proiektua jarri zuen abian 2021ean, euskarazko ondare materiagabea zabaltzeko, bereziki haurrei zuzendua eta ikaskuntza ludikora bideratua.

Ekimenaren arrakasta ikusirik, proiektu horri jarraipena ematea erabaki da, eta zazpi bideo berri sortu dira, aurreko bost bideoei gehitzeko. Bideo horietan, Mattin gazteak eta Kattalin azeri-kumeak parte hartzen dute, eta hainbat pasarte ematen dituzte, modu dibertigarri eta entretenigarrian, abestiak, esaerak, ipuinak eta asmakizunak txertatuz. Gehienak Nafarroako Mediatekaren funtsetatik datoz.

Edukiak haurrendako oso intuitiboa eta manipulagarria den plataforma baten bidez eskaintzen dira. Webguneak gurasoentzako atal bat du, proiektuaren informazioarekin, eta Mediatekarako esteka bat, bideoetarako oinarri izan diren jatorrizko edukietara sartzeko. Horrez gain, 2. denboraldiko kapituluak euskarazko azpitituluekin ikusten ahal dira hala nahi izanez gero. Era berean, bideo horien laburpenak eta piezen transkripzioak ere ikusteko aukera dago, euskara ikasten ari direnek edota irakasleek eskura izan ditzaten.                        

facebook
0
twitter

Atzera
Gora