Albisteak
Euskarabideak euskara sustatzeko dirulaguntza deialdia egin du irabazi asmorik gabeko elkarteentzat
Dirulaguntzek gazteei zuzendutako jarduerak lehenesten dituzte, eta eskaerak maiatzaren 30era arte aurkez daitezke
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidearen bitartez, irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntza deialdia argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2024an euskara eta bere presentzia soziala sustatzeko.
Dirulaguntzaren helburua, 505.000 euroko aurrekontua duena, titulartasun publikokoak ez diren irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzea da, euskararen inguruan sentsibilizatzeko eta Nafarroako gizarte-bizitzako hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzeko eta errazteko programak eta jarduerak finantza ditzaten.
Gizarte-erakundeek 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean garatutako programak aurkeztu ahal izango dituzte, biak barne. Lehentasuna emango zaie euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduera eta programei, batez ere nerabeen eta gazteen artean, hala nola parte hartzeko prozesuak, efemerideak egitea, informazio-kanpainak, prestakuntza-jarduerak, gizarte-proiekzioko edo sorkuntzako jarduerak, bertsolarien emanaldiak, besteak beste. Jarduera guztietan sustatuko da genero-berdintasuna edukien diseinuan eta garapenean, hizkera ez-sexista erabiltzea, eta parekotasuna parte hartzean.
Eskaerak modu telematikoan bakarrik aurkez daitezke maiatzaren 30a arte, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren izapideen katalogoko fitxaren bidez.