Albisteak

Euskarabideak eta toki entitateek "ERA Eskola" guraso eskolaren laugarren edizioa aurkeztu dute

2025-02-20

ERA Eskolaren edizio berriak adituen saioak eskaintzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, seme-alabak euskaraz eskolatzen dituzten familientzat interesgarriak diren gaiei buruz

Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak eta Nafarroako hainbat toki entitatek "ERA Eskola" proiektua, ikastetxean euskara ikasten duten haurren familiei zuzendutako guraso eskola, abiatu zuten 2020an. Laugarren urtez, zenbait adituk hazkuntzari, euskarari eta hezkuntzari eragiten dieten gaiak jorratu dituzte.

Aurtengo edizioan jorratu diren gaien artean, hauek daude: kirolaren eta euskararen arteko harremana; eskolaz kanpoko jarduerek haurtzaroan duten garrantzia ingurune ludiko batean euskara erabiltzeko ohiturak hartzeko; eta "Opor kutxa" ekimena, oporraldietan euskararen erabilera indartzea helburu duena, eskolarik gabeko aldia izanik, ikasle askok euskararekin duten harremana eteten baita.

Saioak eman dituzten hizlariak Saioa Alkaiza bertsolaria, Aritz Olagoi kirol psikologoa, Maialen Cuevas irakasle eta pedagogoa eta Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailea izan dira.

Bideoak euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri Euskarabidearen youtubeko kanalean eta era.eus atariarenean.

ERA Eskola, gurasoentzako prestakuntza

Euskararen Nafar Institutuaren lan-ildoetako bat familietan euskara sustatzea da, gero eta guraso gehiagok, euskaldun izan ala ez, euskara seme-alabei ematen dieten hezkuntzaren eta prestakuntzaren beste elementutako ikus dezaten, eta haur euskaldunek euskaraz ikasteko eta gozatzeko dituzten aukerak zabal daitezen.

Hori dela eta, Euskarabideak eta toki entitateek, beren euskara-zerbitzu teknikoen bidez, ERA guraso eskola proiektua jarri zuten abian 2020an. Proiektu horren bidez, hazkuntzan, haurtzaroan eta hezkuntzan euskarari buruzko informazio-corpusa eta baliabideak jarriko dira familien eskura. Gurasoek erabaki asko hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko, elikaduraren, lo-errutinen, praktika osasungarrien edo mugen garrantziaren inguruan, besteak beste. Horregatik, logikoa da, euskarari dagokionez ere, familiek hainbat eremutan nola jokatu jakin nahi izatea, esaterako: irakurzaletasuna nola sustatu, eskolaz kanpoko jarduerak nola aprobetxatu euskaraz egiteko ohitura indartzeko, pantailen kontsumo egokia nola zaindu, gurasoek eskolako zereginetan duten rola zaintzea, etab. ERA gurasoen eskolan eskaintzen diren prestakuntza saioak, hain zuzen ere, gai horiek jorratzeko asmoz landu dira.

Era.eus familientzako webgunea

Eranafarroa.eus webgunea toki entitateek sortu dute, beren euskara zerbitzu teknikoen bidez, eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Euskarabidearen bitartez.

era.eus webgunean, gurasoen eskolako prestakuntza-eskaintza osatzen duten adituen saioez gain, informazioa eta baliabideak eskaintzen zaizkie ikastetxean euskara ikasten duten 12 urte arteko haurrak dituzten familiei, euskara ikasteko prozesua osatzeko eta indartzeko.

Honako udal, mankomunitate eta batzar nagusi hauek sustatzen dute ekimena, beren euskara-zerbitzuen bidez: Aoiz / Agoitz, Ansoáin / Antsoain, Valle de Aranguren / Aranguren Ibarra, Valle de Arce / Artzibar, Auritz / Burguete, Valle de Elorz / Elortzibar, Barañáin / Barañain, Baztan, Berrioplano / Berriobeiti, Berriozar, Burlada / Burlata, Cendea de Galar / Galar Zendea, Cendea de Olza / Oltza Zendea, Erroibar / Valle de Erro, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Huarte / Uharte, Lizoain-Arriasgoiti / Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide / Valcarlos, Orkoien, Pamplona / Iruña, Puente la Reina / Gares, Tafalla, Villava / Atarrabia eta Zizur Mayor / Zizur Nagusia udalak; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Irantzu, Malerreka, Sakana eta Valdizarbe / Izarbeibar mankomuniateak; eta honako batzar nagusi hauek: Aezkoakoa, Roncal / Erronkarikoa eta Salazar / Zaraitzukoa.

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora