Albisteak

Euskarabideak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak 40.000 euroko hitzarmena sinatu dute 2022an Nafarroako bertsolaritza dokumentatzeko eta ikertzeko

2022-05-23

Akordioaren bidez, elkarteak urteetan egindako lanari esker bere aintzatespena eta finantzaketa jasoko ditu

Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuak elkarteak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak 40.000 euroko hitzarmena sinatu dute 2022an zehar dokumentazioan oinarritutako eta bereziki Nafarroako bertsolaritzan oinarritutako ikerketa lan bat egiteko.

Akordio horri esker, bertsolaritzak Nafarroan uzten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantzazioa jasoko du.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak  hitzarmenaren aurkezpenean adierazi duenez, “gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz”. “Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko”, gaineratu du.

Urteak dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak (NBE) bertsolaritza geroratzeko helburuari jarraika, dokumentazioa eta Ikerkuntza bere jardunaren oinarritzat jo zituela. Ordutik, bertsolaritzak lurraldean eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean aritu da elkartea. Urtean zehar 200 bat bertso ekitaldi egiten dira Nafarroan eta horien lagin garrantzitsu bat dokumentatzea (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, kartelak, saioen transkripzioak, datu bilketa…) erronkatzat du NBEk. Era berean, bertsolaritzarekin lotutako pertsonen (bertsolarien, epaileen, gai-jartzaileen, antolatzaileen) biografiak eguneratzen dira urtero eta hemeroteka antolatzen da,  besteak beste.

Zeregin horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren (XDZ) ezinbesteko laguntza du NBEk. 1991ean sortua, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen du XDZk, maila guztietako eta ikuspuntu guztietatik egindako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. XDZk ezarritako irizpideen arabera biltzen du ondarea NBEk, Bertsolaritzaren Corpus garaikidea osatuz. Modu horretan, bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko oinarrizko funtsa osatzeaz gain, orotariko ikerketak gauza daitezen oinarri dokumentala ezartzen du.

Gogoratu behar da, Euskarabidearen zereginen artean, euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea da; eta hitzarmenak bete-betetan jotzen du bere asmoekin.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora