Albisteak
Euskarabideak eta helduei euskara irakasteko sektoreko agenteek ‘Iruñerriko Mintzodromoaren’ V. edizioa aurkeztu dute
Euskararen erabilera sustatu eta parte-hartzaileen artean harreman-sarea sortzearren, apirilaren 22an egingo da Iruñeko Baluarteko Ciudadela aretoan
Astearte honetan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ekitaldi-aretoan, ‘Iruñerriko Mintzodromoaren’ edizio berria aurkeztu dute; hots, euskararen erabilera sustatzeko eta parte hartzen duten pertsonen artean harreman-sarea sortzeko ekimena. Foru Exekutiboko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuarekin batera, Euskarabidearen bitartez, Iruñerriko gizarte-ekimeneko euskaltegiek (AEK eta IKA), Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta sektore publikoko Zubiarte euskaltegiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua elkarteak antolatu dute proposamena.
Bosgarren edizio honen aurkezpenean izan dira erakunde antolatzaile guztietako ordezkariak. Euskarabideako zuzendari kudeatzailea den Javier Arakamak eta Zubiarte Euskaltegiko zuzendaria den Ainhoa Madariagak Mintzodromoaren edizio berriaren xehetasunen berri eman dute.
Ekitaldian kulturaren arlo ezberdinetako gonbidatuak izanen dira: Julen Goldarazena (Flako Fonki) eta Claudia Rodriguez musikariak, Sarai Robles bertsolaria, Joseba Beramendi (Exprai) marrazkilaria eta Oskar Alegria zinema-zuzendaria.
Nola parte hartu
Aurten ere, euskara Iruñeko erdigunera ekartzearen aldeko apustua egin dute antolatzaileek; izan ere, Baluarte Nafarroako Batzar Jauregia eta Auditoriumeko Ciudadela Aretoan elkartuko dira 160 solaskide inguru. Aretoak akustika egokia du elkarrizketari erabat eta eroso lotzeko. Esan bezala, datorren apirilaren 22an, asteazkenean, 18:00etan Baluartek hartuko duen ekitaldi honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, eskaera-formulario baten bidez. Horretarako, Iruñerriko V. Mintzodromoa iragartzeko euskarrietan agertzen den QR kodea ireki behar da. Kartelak Iruñerriko iragarki oholetan eta euskaltegietan paratuko dira. Izen-ematea doakoa da, eta gaurtik, martxoaren 24tik, aurrera zabalik egonen da.
Aurreko ekitaldietako parte hartzaileetako batzuk Iruñerriko euskaltegiren batean ikasten ari ziren arren, horietan ikasten aritzea ez da parte hartzeko ezinbestekoa. Edonork parte har dezake, baldin eta, gutxienez, euskarazko B1 maila badu.
Mintzodromoaren dinamika
Mintzodromoaren dinamikari dagokionez, parte hartzaileak talde txikitan bilduko dira, launaka, mahai baten inguruan. Hainbat gairi buruz hitz egin beharko dute 15 minutuz, eta denbora hori akituta, beste talde batera mugituko dira ariketa bera errepikatzeko, baina mintzakide ezberdinak izanen dituzte aurrez aurre. Zubiarte Euskaltegiko zuzendaria den Ainhoa Madariagaren hitzetan, gai atsegin eta dibertigarriak izanen dituzte hizpide, egunerokoan maiz ateratzen direnak. Horregatik, beste urte batez, antolatzaileek “tar-tarrean goxo-goxo” leloaren alde egin dute. Hiru izanen dira hizketagaiak, eta horiek mahaietako mahai-zapietan jasoko dira, solaskideek begi-bistan edukitzeko.
Euskara ikasteko prozesuan, gertatzen da ikasleek aukerarik ez dutela hurbileko ingurunean euskara praktikatzeko, eta ekitaldi honen bidez, euskaraz hitz egiteko espazio bat eskaini nahi zaie. Honek, halaber, parte-hartzaileei aukera emango die beste euskaldun batzuk ezagutzeko eta hizkuntza praktikatzeko harreman-sare berriak eraikitzeko.
Bestetik, Ainhoa Madariagak nabarmendu du hizkuntza ikasteko prozesuan erabilerak duen garrantzia: “Ezagutza handitu ahala, hizkuntza erabiltzeko aukerak ere ugaritu egiten dira, eta erabilerak ezagutzari egiten dio mesede. Elkar elikatzen dute. Topaketa honek, gainera, euskaraz aritzeko konfiantza eskuratzen laguntzen du”. Ildo horretan ere antolatzen da Mintzodromoa, ezagutzatik erabilerara jauzi egiteko.
Elkarlanaren isla
Erakunde zein entitate ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza da Mintzodromoa, ekitaldia Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko euskaltegi guztien artean antolatzen baita. Izan ere, Euskarabidearen eskumenen artean programak prestatzea badago euskara bizitza sozialeko esparruetan ager eta erabil dadin, eta lankidetzan aritzea helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin. Hortaz, helduen euskalduntzea osatzeko beharrezko jotzen du Euskarabideak euskara beraren erabilera sustatzea, baita ikaskuntzaren zein sustapenaren sektore horretan diharduten entitate zein erakunde guztien arteko lankidetza estutzea ere.
2025-2026 ikasturtean % 32 inguru igo da euskara ikasteko izena eman duten helduen ehunekoa Nafarroan, eta % 54 A1 mailan izena emandakoena. Hori horrela, helduen euskalduntzean diharduten erakundeek, Euskarabidearen babesarekin, ezagutzatik erabilerara jauzi egiteko ekimenak antolatzen dituzte, eta horren adibide da, hain zuzen ere, Iruñerriko Mintzodromoa.
Orain arteko lau edizioetan 600 lagunetik gora aritu dira, eta urtero balorazioa oso positiboa izan da. “Euskaraz giro alaian, atseginean, jarduteko aukera ederra da”, gaineratu du Javier Arakamak, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak.


