Albisteak
Euskarabideak dirulaguntzak plazaratu ditu komunikabideetan eta esparru digitalean euskararen erabilera sustatzeko
920.912 euro bideratuko dira eta aurten berrikuntza moduan teknologia digitaletan zein digitalizazio prozesuetan ezarpena bulzatuko da
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, 920.912 euroko dirulaguntzak bideratuko ditu komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko zein bitarteko horietan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien nahiz digitalzazioaren prozesuak garatzeko.
Laguntza hauek Nafarroan hedatuta dauden egunkari edo aldizkariei, Foru Gobernuak emandako lizentzien titular diren irratiei eta 2020ko urriaren 16tik 2021eko urriaren 31ra bitartean egindako jarduerengatik euskaraz edo euskara erabiltzen duten online komunikabideei zuzenduta daude.
Aurtengo deialdian, lehen aldiz, teknologia digitaletan eta digitalizazio-prozesuetan inbertsioak egiten dituzten hedabideentzako laguntzak jaso dira, Euskarabideak ingurune horretan euskararen erabilera sustatzearen alde egindako apustuaren barnean. Neurri hori Nafarroa Suspertu planaren barnean dago.
25.000 euroko dirulaguntza hori eskatzeko, ezinbestekoa da edukien % 60 gutxienez euskaraz ekoiztea. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzen dira webguneak eta aplikazioak sortzeko inbertsioak, ingurune mugikorrean hedatzeko egokitzapenak eta honako hauekin lotutako gastuak: Interneterako konektagarritasuna; digitalizaziorako aplikazioak (hardwarea, softwarea) eskuratzea; digitalizaziorako ingeniaritza eta instalazio-zerbitzuak; gaitasun digitalen inguruko prestakuntza, eta eduki digitalak sortzeko ekipamendua eskuratzea.
Eskaerak martxoaren 6tik eta apirilaren 6ra bitartean aurkeztu beharko dira telematikoki, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Izapideen Katalogoaren fitxaren bidez.
Dirulaguntza motak eta zenbatekoak
Honako modalitate hauek finantzatuko dira:
- Euskarazko eguneroko prentsa, 100.000 eurokoa guztira.
- Euskara erabiltzen duten egunkariak: 60.000 euro.
- Nafarroan hedatuta dauden euskarazko aldizkariak: 300.000 euro.
- Eremu linguistiko mistoan eta/edo ez-euskaldunean euskara erabiltzen duten aldizkariak: 50.000 euro.
- Euskarazko irratiak: 250.000 euro.
- Eremu mistoko, ez-euskalduneko edo bietako irratiak, euskara erabiltzen dutenak: 20.000 euro.
- Euskarazko hedabideak edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan hedatuta dagoen beste hedabideren baten online euskarria direnak: 50.000 euro.
- Euskara hutsezko online komunikabideak: 60.000 euro.
- Euskara erabiltzen duten online komunikabideak: 5.912 euro.
- Teknologia digitaletan eta digitalizazio-prozesuetan inbertsioak egiten dituzten komunikabideak: 25.000 euro.