Albisteak

Euskarabideak belaunaldi berrien aldeko apustua egin du euskarazko hiru egitasmo digital sortuz

2021-02-08

Gazteek egindako kultur ekintzak zabaltzea, Mediatekako funtsekin proposamen didaktikoak lantzea edo haurrei zuzendutako websaioa, proposamenen artean

Euskarabideak –Euskararen Nafar Institutuak hiztun berriei zuzendutako politika zehatzak garatuz jarraitzen du, euskarazko eduki digitalak sustatu eta hizkuntza honetan sarean dagoen formazio zein kultur eskaintza gehituz.  

Ildo horretan, ‘AT Web’, ‘Mintzoak Gelara’ eta ‘Mattin eta Kattalin’ ekimenak aurkeztu ditu gaur erakundeak, euskararen ahozko tradizioko elementuak lantzeko helburua dutenak. Zehazki, haur txikienei zuzendutako mini serie intuitiboa eta erakargarria da, Nafarroako sortzaile gazteek egindakoa. Halaber, Mediatekako edukiak dituzten proposamen didaktikoak era badira, euskararen ahozko tradizioa Bigarren Hezkuntzan zein Haur eta Lehen Hezkuntzan lantzeko.

Gobernuak onartutako Nafarroa Suspertu Planean, Euskarabideak proposatuta, euskarazko kultur edukiak sortzera eta haur eta gazteek horiek sortzea eta erabiltzea sustatzera bideratutako ekintzak jasotzen ziren.

Gazteria, ardatz estrategikoa

Ekimenen aurkezpenean izan dira Herritarrekiko Harremanetarako Ana Ollo kontseilaria eta Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregi. Ollok adierazi du gazteak "Euskarabidearen lanerako ardatz nagusietariko bat direla. Gero eta gazte elebidunagoak, eleaniztunagoak eta jatorri digitalekoak ditugu, eta horrek alor horretan lan egitea eskatzen die erakundeei”

Euskara eta ingurune digitala, esan du, “ez dira batere bateraezinak, eta horrela erakusten digute ‘Sarean Euskaraz’ bezalako ekimenek edo ‘Era Eskola’ ekimen arrakastatsuak”. Ollo kontseilariak egungo egoera ere aipatu nahi izan du: “une honetan, teknologia inoiz baino gehiago kontsumitzen da, eta testuinguru honetan ekimen hauek aurkezten ditugu, euskarazko online eduki digitalak sustatzeko eta haur eta gazteek erabiltzea bultzatzeko egindako apustu irmoa erakusten dutenak”.

Ahozko tradizioa Bigarren Hezkuntzan

‘Mintzoak Gelara’ proiektura Euskarabidearen web gunetik sar daiteke. Nafarroako Euskararen Mediatekako funtsetan oinarritzen da, eta proposamen didaktiko digitalak eskainiko ditu, euskarazko ahozko tradizioaren zenbait alderdi lantzeko DBHn. 30 fitxa didaktikoren bitartez, honako hauek bezalako gaiak landu ahal izango dira gelan: erabilerak eta ohiturak, antzinako bizimodua, gerra zibila eta gerraostea, landa-ingurunearekin loturiko jakintzak eta lanbideak, jaiak, herri kantutegia, ipuinak edo mitologia.

Bi bloketan zatituta, fitxa bakoitzean ikus-entzunezko pieza labur bat eta proposamen didaktiko bat aurkitzen dira. Horrez gain, ikasleentzako informazioa, zuzenean lan egiteko, eta irakaslearentzat gehitutako informazioa agertzen dira, transkripzio, erantzun eta bestelako alderdi didaktiko erabilgarriekin.

Euskara haurrentzat

Bestalde, ‘Mattin eta Kattalin’ proiektua Mediatekako funtsetan oinarritzen da baita ere, eta web espezifiko baten bitartez, bideo intuitibo ezberdinak eskaintzen ditu haurrei euskarazko ahozko tradizioaren edukiak helarazteko. Bideo labur horietan, Mattin gazteak eta Kattalin azerikumeak hartzen dute parte, hainbat pasarteko protagonista izango dira, eta modu dibertigarri eta entretenigarrian abestiak, esaerak, ipuinak eta asmakizunak sartuko dituzte.

Edukiak eskaintzeko, plataforma oso intuitiboa eta haurrek maneia dezaketena erabili da. Era berean, web gunean, gurasoentzako atal bat aurkitzen da, proiektuari buruzko informazioarekin eta Mediatekara sartzeko estekarekin; azken horren bitartez, bideoak egiteko oinarri bezala erabili diren jatorriko edukietara sar daiteke.

Euskarazko sortzaile gazteak

Azkenik, AT web seriea 4 kapituluk osatzen dute, eta horiek sare sozialen bitartez hedatuko dira. Horietan, euskarazko sortzaile gazteen lan ezberdinak aurkezten dira. Hainbat kultur adierazpen gazteengana hurbiltzeko eta euskara tresna gisa hartuta artistek sortzen dituzten lanak zabaltzen laguntzeko asmoarekin, Euskarabideak material horiek zabalduko ditu datozen asteetan, batik bat 14 eta 20 urte arteko gazteentzat.

15 minutu inguruko hasierako saio horietako protagonistak hauek izango dira: Martxel Rodríguez (dantzaria) eta Ekhine Zapiain (bertsolaria) Baztan eta Bortzirietan; Maddalen Arzallus (bertsolaria eta telebista-aurkezlea) Urdax eta Sara inguruetan; Burutik (folk-rock taldea) Iruñean eta Artaxoan; eta Nögen (rock taldea) Iruñean.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora