Albisteak

Euskarabideak Arnasetik lehiaketaren 2. edizioa sustatzen du gazteek hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta egin dezaten Nafarroan

2023-09-13

10 eta 16 urte bitarteko gazteek hainbat istorio kontatu beharko dituzte beren sormenaz baliatuz, eta urriaren 1etik 24ra bitarte parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan

‘Arnasa Gara’ ekimenak, Euskarabideak, UEMA - Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatutako egitasmoa, Arnasetik bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du, 2022ko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren. Lehiaketa hau euskararen arnasguneetako (udalerri euskaldunetako) 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da. Lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea ere bada. Bideosormenak urriaren 1etik 24ra aurkez daitezke.

‘Arnasa Gara’ aipatutako hiru erakundeek elkarrekin sustatutako egitasmoa da eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasetik lehiaketa, zehazki, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahieran.

Adinaren araberako kategoriak

Arnasetik bideosormen lehiaketa honen bigarren edizioa ere 10-16 urteko gazteei zuzendua dago, eta lehen edizioan bezala, aurten ere adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Kontuan izanik, arnasgune asko udalerri txikiak direla, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria da.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena.
Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat eratu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.

Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.

Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko "Goazen!" eta "Irabazi arte!" telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da. 

Data esanguratsuak

Azaroaren 22an izango da Arnasetik bideosormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan. Gauzak horrela, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 24a baino lehen jaso beharko dira. 

Bitartean, informazio gehigarria izango duzue https://www.arnasagara.eus/arnasetik-bideosormen-lehiaketa/ webgunean eta hainbat sare sozialetan.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora