Albisteak
Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutua Valentzian izan da, Autonomia Erkidegoetako Hizkuntza Politikako Arduradunen Mintegian
Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko Zuzendari-kudeatzailea Valentzian izan zen maiatzaren 14an, Autonomia Erkidegoetako Hizkuntza Politikako arduradunen mintegian.
Mintegiaren sustatzailea Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikaren eta Eleaniztasunaren Kudeaketaren Zuzendaritza Nagusia izan zen, eta “La apuesta por el multilingüismo. 15 años de Marco Común de Referencia y Portfolio Europeo de las Lenguas” batzarraren barruan egin da.
Mintegian, Nafarroako arduradunaz gain, beste autonomia erkidego batzuetako ordezkariak ere izan dira: Kataluniakoa, Balear Uharteetakoa, Euskadikoa, Galiziakoa, Aragoikoa, Asturiaskoa eta Valentziakoa.
Mintegiaren helburuak izan dira, batetik, aztertzea hizkuntza propioak dituzten herrialdeen hizkuntza politikako puntu komunak, eta, bestetik, identifikatzea zeintzuk behar luketen lehentasunak eta jarduera-lerroak eleaniztasunaren sustapenean.
Zentzu honetan, eta kontuan hartuta 2007an hizkuntza politikaren arloko protokolo bat sinatu zutela Eusko Jarularitzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak ( Balear Uharteetako Governak 2008an sinatu zuen), parte-hartzaileek komenigarri ikusi dute aztertzea ea Protokolo horretara atxiki ote daitezkeen Valentzia, Aragoi, Asturias eta Nafarroa.
Protokolo hau lankidetza-marko bat da, non jasotzen baita autonomia erkidegoek beren esperientziak eta azterlanen gaineko informazioa trukatuko dituztela; besteak beste, arlo hauetan: errealite soziolinguistikoa, plan lingüistikoen ezarpena administrazio publikoetan, programen jarraipenerako eta ebaluaziorako metodologiak, pertsona helduei hizkuntza propioak irakasteko metodologiak, hizkuntza propioen erabileraren sustapena eta babesa, eta hizkuntza propioen garapena Informazio eta Komunikazio Teknologien arloan.