Albisteak
Aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu Durangoko Azokako 56. edizioak, "baDA!" lelopean
Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duen Durangoko azokan, aurten Leire Urbeltz sortzaile iruindarra izan da kartelaren egilea, "Desipuindegia" izenburupean
Durangoko Azokako 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra antolatuko da "baDA!" lelopean, eta aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egonen dira, aurrez aurre, abenduaren 4tik 8ra, eta online denda ere martxan izanen da abenduaren 3tik 7ra, durangokoazoka.eus webgunean. Beraz, presentziala eta digitala izanen da aurtengo azoka. Hala bada, aurrez aurreko salmentaz gain, online erosi ahal izanen dira Landakon salgai egonen diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak...
Egitarauari dagokionez, Azokak aurrez aurreko jarduerak ere izanen ditu abenduaren 4tik 8ra, gune eta diziplina ezberdinetan.
Azokaren aurkezpenean, Gerediaga eta Azokako guneetako arduradunekin batera, Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat arduradun politiko eta ordezkari ere izan dira, baita Mikel Arregi Nafarroako Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea ere.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, diruz laguntzen du Durangoko liburu-azoka, eta aurten berriz ere Nafarroako Gobernuaren argitalpenak on line bidez ere eskuratzeko aukera izanen da, azokako saltoki fisikoan egonen diren argitalpenak.